Eutanasia

Erabiltzailearen aurpegia Jose Ramon Aranbarri 2019ko eka. 22a, 08:55

Jose Ramon Aranbarrik ekaineko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Eutanasia'.

Euskadin, bizi-itxaropena munduko altuenetakoa da. Horregatik, gaitzak izateko arriskua are handiagoa da gaur egun: gaitz kronikoak, minbizia, alzheimerra, beste gaitz neurodegeneratibo batzuk eta abar.

Naturaltasun osoz onartzen dugu gu mundu honetara etortzeko eskubidea beste batzuen esku dagoela, baina zailtasunak ditugu onartzeko nork daukan mundu honetatik gure joana erabakitzeko eskubidea, eta ukaezina da lehenago edo geroago denok hil egin behar dugula, heriotza prozesu natural eta saihetsezina baita.

Azkenaldian, esklerosi anizkoitza zuen emakume bati senarrak lagundutako heriotzaren kontua komunikabideetan agertzearen ondorioz, eutanasiari buruzko eztabaida berpiztu egin da, eta, bizi dugun une sozial eta historiko honetan, orobat erdigunean daude heriotza artatzeko eta heriotza-kalitatea hobetzeko prozesuak ere.

Baina ez dut uste oker nabilenik, adierazten badut gizarteak oraindik ez duela garbi zein den eutanasiaren eta heriotza duin on bat izateko eskubidearen arteko ezberdintasuna. Eutanasia gaixotasun sendaezin bat daukan pertsona baten heriotza aurreratzea da. Heriotza duina, aldiz, ortotanasia izenekoa, zainketa mediko guztiekin gauzatzen da, normalean sedazioaren bidez, eta azken uneko sufrimendu, min eta estutasunak ahalik eta gehiena arintzen saiatzen da.

Heriotza on bat izateko eskubideari aurre egiteko, Eusko Legebiltzarrean 11/2016 Legea onartu zen, uztailaren 8koa, bizitzaren amaierako prozesuan pertsonen eskubideak eta duintasuna ziurtatzeari buruzkoa, gaixoek zainketa integral eta kalitatezkoak jasotzeko eta beren autonomia izateko duten eskubidea finkatzeko, pertsona bakoitzak bere bizitza kudeatzea errespetatuz, hots, hertsapenik gabe eta behar bezala informatuta, eskubidea izan dezan tratamendu jakin bat onartzen duen ala ez erabakitzeko; eskubide hori aurretiazko borondateen dokumentuaren bidez gauzatzen da.

Bizitza bukatzeko nahia betidanik egon da gure gizartean, baina, egun, eutanasia eskabide sozial bat bihurtu da. Horrela, 2017ko otsailean estatu mailan egin zen inkesta bateko datuen arabera, %84 giza eutanasiaren alde azaldu ziren. Bi urte pasatu ondoren, 2019ko maiatzean, eutanasia arautu gabe dago eta eztabaida sozialeko gaia da oraindik ere.

Duintasunez bizitzea pertsona guztien eskubidea dela uste dut, eta, era berean, ez daukat zalantzarik bizitzari bukaera duina ematea pertsona bakoitzaren eskubidea dela; ondorioz, zilegizkoa deritzot pertsona batek duintasunez bizitzeko ahalmena galdu duenean hiltzen laguntzeko eskatzeari eta laguntza hori emateari.

Baina horretarako, heriotza ondo gauzatzeko, behar-beharrezkoa da eutanasiaren eskubidea behar den moduan bermatzea. Horretarako ezinbestekoa da, alde batetik, eutanasia pertsona bakoitzaren eskubide pertsonal bat dela onartzea eta, bestetik, hiltzeko laguntza medikoa osasun-ekintza bat dela onartzea. Azken finean, pertsona batek bere biziarekiko duintasuna galdu duenean, bere buruarekin gehiago ezin duenean, gu ez gara inor, gizarte bezala, pertsona hori sufritzen jarraitzera derrigortzeko eta luzatzea eskatzeko, eta pertsona batek mundu hau uzteko erabakia hartu badu, gai izan beharko genuke, gizarte bezala, erabaki hori gauzatzen laguntzeko, inolako kriminalizaziorik gabe.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide