Hainbat aburu

Aukera kontuak

Erabiltzailearen aurpegia Juan Ramon Alberdi Ibarmia

Juan Ramon Alberdi kolaboratzaileak Azkoitia Gukaren urriko aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: Aukera kontuak.

Iragarkia zurruna bezain premiazkoa zen: "Abuztuaren 12koa izango da aukera bakarra Euskal Herrian eguzki eklipse osoa ikusteko". Aurrekoa, duela ehun urte baino gehiago gertatu ei zen, eta hurrengoa ez omen da izango 2183ra arte; urruti xamar! Hortaz, aukera bakarra genuen fenomeno zoragarri hori ikusteko: ilargiak eguzkia erabat irensten duen une magikoa. 

Aitortu behar dizuet, gure lurraldean, bizitzan behin bakarrik begiztatu daitekeen fenomenoa ikusteko aukera galtzeak atsekabe sentsazioa sorrarazi zidala. Badakizue, zenbat eta bakanagoa aukera, are eta gogo handiagoa horretaz baliatzeko. Ezen, aukera izateak askatasuna beste lotura sorrarazten digu: gure eskuetan, gure aukeran, dagoen zerbait ez egiteak atsekabetu egiten gaitu. Alabaina ez egitea ere aukera da. Sarriegi eta gai anitzegitan hobesten dugun aukera.

Aurten, abuztuaren 28an ilargiaren eklipsea ere izan dugu. Hedabideen aldetik ez du eguzkiarenak besteko arrakastarik izan, eta era lausoagoan aurkeztu dute, apika sarriago gertatzen delako. Bi eklipseak alderatzean, gizarteko zenbait gertaerarekin berdintasun metaforikoak atzeman daitezkeelakoan nago. Bata, txikiak handia irentsi duenekoa. Une batez bederen, ilargi xumeak eguzki ahalguztiduna estali du. Bestea, eguzkiaren eta ilargiaren artean Lurra lerrotzean gertatutakoa. Aurtengoa partziala izan da, itzal gorrikoa. Odolezko Ilargia ere deitu zaio. Munduak bizkarra eman ondoren odoleztatutako eremua ikusteak zapaldutako herrialde bat gogorarazi dit: handiari aurre egiteagatik erantzun neurrigabea jasan duena. 

Ahalguztidunei ez zaie gustatzen inork aurre egitea. Mundu osoa beren dinamikan lerrotu nahi dute, eta ezarri diguten neurriz kanpoko kontsumismoak hondamendira garamatza. Merkatu bihozgabearen menpe, klima aldaketak erabat makurraraziko gaitu. Eguzkia dugu adibidea. Denok txoratu gaituen begi keinu baten ostean, inoiz baino indartsuago, gogorrago eta tematiago ageri da ortzian. Lainoetatik aske, bazter guztiak berotu ditu, lehortu, pitzatu... Boteretsua beti bortitz, baita izadian ere!

Inoiz baino uda beroagoak eta lehorragoak errealitate ezberdinak sorrarazi ditu gure ingurumarian. Alde batetik, landa eremua dugu, zuzenean eguraldiaren menpe dagoena, eta aurten sekulako jipoia eman dio: baratzak lehortu, zelaiak gorritu, lurra arrakalatu, mendiko urak agortu... Ondorioak: barazki zein fruta ekoizpen laburra, abereentzako janari falta, neurriz kanpoko kostuak, sute arriskua... Beste aldetik, herri eta hiriak ditugu. Horietan ez dago elikadura kezkarik. Zero kilometrokoa ez bada, zero asko dituen kilometrotik iritsiko da. Gainera, negu eta udaberri euritsuek betetako urtegiek bermatzen dute etxeko txorrotaren emaria, igerilekuetako ur putzua, itsasbazterreko hondarra garbitzeko dutxa freskagarria... Pikutara naturaren estutasunak! 

Pribilegio horiek ditugun artean ez gara gehiegi arduratuko. Eguzkiaren etengabeko ezarpenari "eguraldi ona" deitzea aukeratu dugu; euri tankera duen edozeri, "txarra". Horrek guztiak Jakoba Errekondok esan zuena dakarkit gogora: "Egun, gizakiok inoiz baino urrunago gaude naturatik". Ezen, noizbehinkako bitxikerietatik at (eklipsea kasu), izadia ez dugu aintzakotzat hartzen.

Ikuspuntuak geure interesen menpe dauzkagu. Sen onari ordez, hobesten dugun bizimoduari dagozkie horiek, eta hor azaleratzen da gure norberekerian oinarritutako aukeraketa. Azken beltzean, klima aldaketaren aurrean hartu beharreko jarrera ere gure aukera da. Bizitza osoan zehar hautatu beharreko aukera.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide