Artea da, ziur aski, muga material zein espiritualak bildu eta zeharkatzen dituen kontzeptu bakarrenetakoa. Alabaina, berezko sentsibilitatea, edo jasotako prestakuntza dela medio, arrotzagoa edo ulergarriagoa bilakatzen zaigu, horregatik esan genezake pertsona batzuek gaitasun handiagoa dutela artearen esentzia ulertzeko. Edo beste modu batera adierazita, artearengana iristeko. Alta, artelana ikusgai dagoenaren tokiaren arabera, berarengana heltzeko erraztasuna edo zailtasuna beste parametro batzuetan ulertu behar da. Nik mintzagai dakarkizuedanaren kasuan, gaitasun fisikoa oinarrizkoa bilakatzen da.
Azken hilabeteetan gaurkotasun nabarmena hartu du Hondalea izeneko artelanak. Eta esan genezake arestian aipatutako irisgarritasun mota biak biltzen dituela: batetik, artelan gisa duen esentzia eta balioa, zeintzuek pertsona bakoitzak bere erara ulertuko dituen; eta bestetik, eraiki den parajea (Donostiako Santa Klara uhartea), inolaz ere pertsona ororentzat irisgarria ez dena. Artelan gisa duen balio edo garrantzia epaitzeko zeregina arte kontuetan ni baino jakintsuagoak direnei utziko diet. Irisgarritasun fisikoak, aldiz, bete-betean harrapatzen nau: desgaitua izateaz gain, desgaitasunari buruzko doktore tesia antropologian egiten ari naizelako. Horregatik, esan nezake, gure gizarteak hain garrantzitsutzat duen gaitasunaren imajinario kolektiboan, desgaitasuna dugun pertsonok aparteko orrialde batean kokatuta gaudela.
Ildo horretan, gaitzespen anitz egin dituzte Hondalea ikustera Santa Klara uhartean barrena joan ezin diren kolektiboek: diru publikoarekin eginiko artelan bat publiko mota guztientzat eskuragarri ez dagoelako. Eta eraso beste defentsa Donostiako Udalaren aldetik: tokia bera dela irisgarritasunik gabea, joango direla irisgarritasuna egokitzen... Alabaina, nik esango nuke irisgarritasunaren gaia oso kontuan hartu dutela proiektu hau antolatu dutenek, ezen, erakustokia non dagoenaren aferaz gain, bertaratzeko sortutako diskurtsoa ahaleginean oinarrituta dago. Web orriko bideoan, behin eta berriz, gizartea mugiarazteko jarrera nabarmen agertzen da. Herritar guztientzat eraikitako diskurtso horrek naturaltzat hartzen ditu ekintza asko; alabaina, horiek ez daude pertsona ororen esku.
Berria egunkariak argitaratutako iritzi artikulua. Irakurri osorik.