Hainbat aburu

Oro ez da urre

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Epelde

Juan Ramon Alberdi kolaboratzaileak iraileko Azkoitia Guka aldizkariaren 'Hainbat aburu' atalerako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: 'Oro ez da urre'.

Beharbada ez haiz gogoratuko parranda gau hartaz. Tabernetako musika baxu samar zegoela baliatuz, mundua mugiarazten duen gauza bakarra dirua dela bota hidan, sua berriz aurkitzeko beharrik ez duen Wall Streeteko broker baten harrokeriarekin. Nire baitako zer edo zerk hirekin ados egon nahi ez bazian ere, ez nian asmatu aurka egiteko argudio biribilik taxutzen. Azken batean, xanoen kontua ematen dik ukatzea dirua dela gaur egungo erlijio nagusiaren jainko bakarra, bazter guztietan ikusten baituk jendea dantzan metal bedeinkatuaren inguruan, kondairako txakurrak egin bide zuen antzera.

Baina eser hadi lasai, gaur kontra egiteko gogoz esnatu nauk eta. Egia esan, ez zaik babesle intelektualik falta; Marxek, jakina denez, ekonomia jartzen zian kulturaren, politikaren, moralaren, erlijioaren eta abarren oinarrian, ekonomia, nik dakidala, dirura mugatzen ez bada ere. Eta zein zuan "denbora dirua da" esan zuen fundamentalista hura? Sikiera dirua denbora dela esan izan balu… denbora erosten baituk norbaiti hire etxea garbitzeko ordaintzen badiok, edo lehen klasean bidaiatzen baduk eskalarik ez egiteko, edo lanik egin beharrik ez badaukak.

Jakina, diruarekin ospitale eta mediku hobeak ez ezik, errazago ere lortzen dituk, eta berorik eta hotzik egiten ez duen etxeak, eta arriskuak detektatu orduko galgatzen duten autoak. Hori gutxi ez, eta parekorik ez duen askatasuna ematen dik: laneko nagusia antzarak ferratzera bidaltzekoa. Inozoenak ere bazekik egunero egiten ditugula anterorenak sos batzuk poltsikoratzeko: esklabu errukarrienaren moduan makurtu nomina bat eskuratzearren, espekulatu, honi eta hari lapurtu, Ogasunari iruzur egin eta, are okerragoa dena, gehien maite ditugunak –edo maite beharko genituzkeenak, behintzat– euro batzuen truke saldu, lagun hurkoa hiltzea ahaztu gabe. Alabaina, ez diat amore emango: dirua ez duk mundua mugitzen duen Aristotelesen lehen motor ibilgea. 

Begira, bestela, ingurura. Diruak urrezko hariak dituen koltxoi bat eros zezakek, baina nekez loa. Zenbat ote dira Artikoko hartz zuri batek uda beteko bero galdatan Azkoitiko zoo batean erakuts lezakeen ilusio eta bizitasun bera transmititzen duten aberatsak, bizi osoan kolperik jotzeko premiarik ez izanagatik ere. Diruak ez dik oparituko ez bizipozik, ez zorte onik, ez fisika kuantikoa plazer hutsagatik ikasteko motibaziorik, ez ondo egindako lanak ematen duen atseginik, eta are gutxiago erakutsiko dik film edo liburu on baten edertasunaz gozatzen. 

Harago joan gintezkek: benetan axola zaizkigun gauzak doan egin ohi ditiagu, edo dirua galduz. Ikuspegi finantzariotik, ez zegok seme-alabak izatea baino inbertsio eroagorik: amaierarik gabeko zulo nekagarria hogei urtez gutxien-gutxienez. Ikuspegi ekonomikoa beti geratuko duk hankamotz herri honetan kirolagatik, ideologia politikoagatik, euskaragatik (aldizkari edo webgune hau aurrera ateratzeagatik, adibidez) eta beste hainbat ametsengatik egin direnak azaltzeko, diruzale porrokatuenak ere ez baitzeudek dirua beste zerbait lortzeko bidezidor bat besterik ez dela ukatzeko bezain itsu. Eta egunen batean zalantza egiten baduk, irudika ezak heure burua goizaldeko hiruretan semeari edo alabari pardelak aldatzen, eta, gero, ahalegindu esplikatzen zer motatako diru goseak bultzatu hauen hori egitera.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide