Hainbat aburu

Zain nago

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Epelde 2025ko abu. 6a, 10:19

(Freepik)

Joseba Epelde kolaboratzaileak Azkoitia Guka aldizkariaren Hainbat aburu iritzi atalerako idatzitako artikulua da honako hau: Zain nago.

Eskola zaharrekoa naiz. Interneten albiste guztien berri izanda ere, ezin izaten diot utzi arratsaldeko zortzietan ETB1en Gaur egun ikusteari. Ez dakit azken zenbat urtetan egin dudan gauza bera. Eguraldia, ekonomia, gerra, osasuna, istripuak, grebak, kultura, kirola... igarotzen dira banan-banan nire begi-belarrietatik, eta inoiz ez dela iritsiko susmatuagatik, espero dudan albistearen zain nago.

Espero dudan albistegian, errege edo erregina bat agertuko da kameren aurrean esanez bera, izatez, demokrata dela, eta demokrazia eta monarkia kontraesankorrak iruditzen zaizkionez, uko egiten diola koroari. Jarraian aitortuko du demokrata izateak errepublikano ere bihurtu duela ezinbestean, eta ezin duela gehiago jarraitu odol urdinaren eta antzeko ipuin kondairen ikuskizuna antzezten. Horrenbestez, guztien aurrean zin egingo du une horretatik aurrera beste herritar xehe bat izango dela, eta bere izerditik bizitzeko ahalegina egingo duela. Botere politikoari dagokionez, argi lagako du ez duela onartuko hauteskundeek ematen ez dioten erantzukizunik, eta ez diola errespeturik erakutsiko hauteskundeen bidez herritarren ordezkari ez den inolako sasi-agintariri.

Espero dudan albistegian, errege edo erregina bat agertuko da esanez demokrata dela

Lurrikara sortuko da hedabideetan, inoren aurreikuspenetan ez zegoena jazo delako. Gero, handik astebetera edo, oraindik zurrunbilotik atera gabe gaudenean, gehienontzat ezezaguna den pertsona bat agertuko da komunikabide guztietan. Alderdi jakin bateko afiliatua dela aitortuko du, eta "mesede" baten onurak eskaini dizkiotela dagokion legezko prozedurari jarraitu gabe, alderdiko militantea izate hutsagatik. Hori dela eta, bere alderdia epaile baten aurrean salatu duela jakinaraziko du, ez delako politikan sartu herritar arruntari ez dagozkionak jasotzeko, jendeari ahalik ondoen bizitzen laguntzeko baino. Prentsaurrekoaren amaieran, gehituko du badakiela ia bere alderdikide guztiek bizkarra emango diotela, baina prest dagoela horrek ekarriko dion bakardadeari eta mespretxuari aurre egiteko.

Tamalez, ia egunero ikusten ditudan albistegietan (ametsezkoak ez diren haietan, alegia), errege-erreginak sasi-demokratak baino ez dira: batzuk diktadura batek inposatuak, beste batzuk nazismoaren hurbileko izandakoak, beste batzuk... Baina demokrazia DNAn txertatuta jaio balira bezala hitz egiten dute, eta gainerakoei zer den zilegi eta zer ez adierazteko autoritate morala duenaren harrotasunarekin jokatzera ausartzen dira, lotsagorritu gabe. Antzekoa egiten dute norberaren edo alderdiaren interesak jende xehearenen gainetik jartzen dituzten politikariek, beti baitute eskura etika hitza herritarrei eta arerio politikoei jaurtitzeko, xabalina zorrotzena balitz bezala.

Horregatik, mesfidantza erreflexua pizten da nire baitan edozein motatako agintari edo buruzagi etikaz edo printzipioez hitz egiten hasten den bakoitzean, eta etxean kontzientziari buruz behin baino gehiagotan entzundako esaera etortzen zait gogora: berdea zela, eta astoak jan omen zuela. Gure gizarteetako printzipioak eta balio etikoak berdeak dira, antza, haietan ekologismo zantzu handirik somatzen ez den arren. Beldur naiz, beraz, nire patua ez ote den zain egotera kondenatuta jarraitzea, Godoten esperoan zeudenen antzera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide