Gaia: Errefuxiatuak
Doinua: 'Zuek horrela ikusi eta'
Hatz oro estu gurutzatzean
pizten den itxaropena,
salto batez ur handiegitan
sartu denaren kemena,
intxaur-oskol bat abordatzera
zaramatzan etsipena...
itsasoetan barrena
olatuek zekartena
da maiz irentsi dutena,
itotzeraino iristen baita
joan uda, udazkena...
beti korronte beraren aurka
igerian dabilena.
Pertsona-talde baten bizitzei
hemen deitu zaie "gastu",
ateak itxi, bueltan bidali,
Europan bidea laztu...
ohar gaitezen, pertsonak dira,
ez titere ta ez trastu!
Guk ere oinak lokaztu
ditzagun, trabak eskastu
eta bazterrak nahastu,
begiak itxi eta isiltzen
nahikoa dugu jolastu,
memoriadun herri gera ta
ezin ditugu ahaztu.