Azpeitian bai, Azkoitian ez (bis)

Erabiltzailearen aurpegia Javier Beristain 2018ko abe. 11a, 21:21

Orain dela gutxi, iritzi artikulu bat plazaratu nuen web orri honetan, non azaltzen nituen, pentsiodunek, batzuek behintzat, dituzten arazo ekonomikoak bere pentsio baxuak direla eta, era berean, nolako ekintzak antolatzen dituzten euren eskubideak defendatzeko eta nolako erantzuna eman dioten arazo horri aurre egiteko bai Azkoitiko eta bai Azpeitiko udalek.

Azpeitiko Udalak, 2018ko bere aurrekontuetan pentsio baxua duten pertsonei laguntzeko 120.000€ jarri zituen bitartean, Azkoitikoak 0€ ipini zituen, mota honetako diru laguntzarik emateko ez zuela eskumenik argudiatuz. Nire artikulua bukatzen nuen galdera batzuk eginez Udalari bere erantzuna emango zuelakoan Maxixatzeneko web orrian, nik neure iritziak hedabide berean eman nituen bezalaxe, baina gaur arte ez du ezer esan, nik dakidala behintzat.

Hilabete honetan egon dira berriak gai honi buruz eta hau da besteak beste artikulu honen arrazoia.

Azpeitiko Udalak onartu ditu 2019. urteko aurrekontuak.

Gure gaiari dagokionez, 2018ko abenduaren 5ean, honako hau irakurri dezakegu Azpeitiko Udaleko web orrian:

“Aurten 65 urtetik gorako herritarrentzako linea berri bat jarri genuen, pentsio baxua zuten herritarrei zuzendu eta etxeko sarrerak 1.080€ arte konplementatzeko ahalegina egin dugu, eta beharra dagoela ikusita, 200.000 euro jarriz indartu dugu linea hori.”

Horrek esan nahi du 2019. urtean Azpeitiko Udalak aurreko urtean baino 80.000€ gehiago gastatuko dituela pentsio baxuko pentsiodunei laguntzeko. 

Gogorarazi nahi dizuet Udal horretan EH BILDU dagoela gobernuan eta EAJ oposizioan, eta horren oniritziarekin onartu direla datorren urteko aurrekontuak, beste era batera esanda, aho batez.

Orain etorri gaitezen gure herriko Udalera.

Egun hauetan ari dira udaletxean eztabaidatzen datorren urteko aurrekontuak eta, nola ez, oposizioko alderdiek bere aldaketak eta proposamenak aurkezten ere bai. Horien artean Azkoitia Baik, 2018ko abenduaren 4an, udaletxeko Ogasun batzordean egin zuen proposamen bat pentsioen gai honi buruz, hau da, 85.000€ko partida berri bat sortzea pentsio baxua duten pertsonei laguntzeko. Talde horrek hartu duen erabaki hori, aurre azterketa bat egin ondoren izan omen da, Azkoitia eta Azpeitiko datuak alderatuz. (Gogoratu laguntza hau Azpeitian 200.000 eurokoa izango dela datorren urtean).

EAJren erantzuna: berriz ere ezezkoa. Azkoitia Bairen proposamenari aitzakiak ipini eta arazoari irtenbidea oztopatu.

Nola da posible hain jarrera ezberdina edukitzea arazo berdinaren aurrean bi Udal hain hurbil daudenean?

Bigarren aldiz eskaintzen diot nire gonbidapena Azkoitiko Udalari, gai honi buruz duen ikuspuntua kaleratzeko. Uste dut Maxixatzeneko irakurleek eskertuko dutela eta oro har herritar guztiok.

Aprobetxatu aukera hau.

Berriz ere, azpeitiarrak txapeldun!

Azpeitian, 200.000€.

Azkoitian, 0€.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide