Buru osasuna eta nerabeak hizpide, asteazkeneko hitzaldian

Erabiltzailearen aurpegia Jaso burue! 2025ko mar. 17a, 09:18

Hitzaldia 18:00etan izango da Elkarguneko Oteiza aretoan. Izaskun Lopez de Torre psikologoak eskainiko du saioa.

Gurasoei eta interesa duen orori zuzendutako hitzaldi berri bat izango da etzi, asteazkena, Elkarguneko Oteiza aretoan: 'Buru osasuna eta nerabeak'. 18:00etan hasiko da Izaskun Lopez de Torre psikologoaren hitzaldia.

Saioa Azkoitiko Udalak antolatu antolatu du eta Treba Gurasoak programaren barruan kokatzen da. Treba Gurasoak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren prestakuntza-ekimena da, eta gurasoak hezkuntza-gaitasunetan trebatuz, haurren eta nerabeen bizi-kalitatea nahiz aukerak hobetzea du helburu.

Hitzaldia trebatzailearen azalpen teoriko-praktikoarekin hasiko da, baina une oro bertaratuon parte hartzea bilatuko du hark, bi norabideko komunikazioa sustatuz.

Hitzaldiaren helburuak dira, besteak beste, seme-alaben hezkuntzan gurasoek duten paperaren garrantzia agerian jartzea, deserosotasuna, antsietatea nahiz jazarpen egoerak detektatzeko eta identifikatzeko ezagutzak zen oinarrizko informazioa ematea, eta azkenik, balizko jazarpen-egoeren aurrean egoki eta indarkeriarik gabe erantzuten lagunduko duten trebetasunak eta estrategiak azaltzea.

Landuko diren edukietako batzuk izango dira honako hauek:

  • Gure seme-alaben buru osasuna; nola sentitzen dira?
  • Zer da buru osasuna?
  • Zerk kezkatzen gaitu buru osasunetik?
  • Adimen emozionalaren garrantzia.
  • Ezegonkortasun emozionala.
  • Zer dira gatazkak?
  • Detekzio goiztiarra eta babesgabetasuna.
  • Nola lagun diezaiekegu? Familientzako aholku batzuk.

Jaso Burue! taldeak herriko gurasoak eta bestelako interesdun guztiak gonbidatu nahi ditu hitzaldi horretara, guztiontzat interesgarria izango delakoan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide