Iazko ekainetik martxan da Gurea erabil dezakezu egitasmoa: haurrek, nerabeek eta helduek aukera dute, beharra dutenean, herriko hainbat puntutatik telefono deiak egiteko. Jaso Burue! eta Azkoitia Lagunkoiak bultzatuta, Herrixen merkatari elkartearen eta Azkoitiko Udalaren laguntzarekin sortutako ekimena da Gurea erabil dezakezu.
Jaso Burue! taldearen helburu nagusietako bat da haurren eta nerabeen artean adimendun telefonoen erabilera goiztiarra ekiditea. Horiei telefonoa emateko arrazoietako bat da kalean dabiltzanean familiakoekin eta ingurukoekin komunikatzeko beharra izatea. Gurea erabil dezakezu egitasmoa behar horri erantzuna ematera dator, haurrek eta nerabeek norbere telefonoa edukitzeko premiarik izan ez dezaten.
Ekimenaren parte diren tokiek Gurea erabil dezakezu dioen pegatina laranja dute adierazgarri bezala. Gaur-gaurkoz, udalaren menpe dauden hainbat lekutan erabil daiteke telefonoa, hala nola Elkargunean, Gazteria Zerbitzuan, Udaltzaingoan, Aizkibel liburutegian eta Bizkargi musika eta dantza eskolan.
Bestalde, Herrixen merkatari elkarteko 29 saltokitatik ere egin daitezke deiak. Honako denda hauek eskaintzen dute horretarako aukera:
- FK kopistegia
- Anuxka ile apaindegia
- Arrospide oinetakoak
- Kinttela estankoa
- NK ile apaindegia
- Makibar denda
- Karpos frutategia
- Sofia Estudio 18
- Orbela taberna
- Iriondo optika
- Lujan denda
- Andueza moda
- Naiena arropa denda
- Koxka taberna
- ETK informatika
- Munibe arropa dena
- Maina mertzeria
- Prest tindategia
- Graphics denda
- Kontxi ile apaindegia
- Ortozik podologia
- NHO Ainhoa Etxaniz Estudioa
- Lukas lurrindegia
- Aitzaki kirolak
- Ikasi denda
- Itziar Viteri Farmazia
- Noah arropa denda
- Eguzki belar-denda
- Mamen estetika
Gurasoei eskatzen diegu beraien seme-alabak zerbitzu hau erabiltzera anima ditzaten. Aukera zabala da, eta ziur gaude beti izango dutela konfiantzazko lekuren bat gertu dei bat egin behar dutenean.
Jaso Burue! taldeak, halaber, eskerrak eman nahi dizkie Azkoitiko Udalari eta Herrixen merkatari elkarteari haurren eta nerabeen artean adimendun telefonoen erabilera atzeratzeko beraien ekarpena egiteagatik.