Gutuna

Gerretan hildako eta zauritutako haurrak gogoan

Erabiltzailearen aurpegia Ixabel Jauregi 2026ko martxoaren 10a

Ixabel Jauregik honako gutun hau igorri du erredakziora, adierazteko gatazketan eta gerretan haurrak direla biktimen artean "biktimenak". 

Yemenen, 2015eko martxoan gatazka hasi zenetik, 2.400 haur baino gehiago hil eta 3.600 zauritu edo mutilatu dira.

Ukrainan NBEk egiaztatu du, gutxienez, 2.406 haur hil edo zauritu direla 2022ko otsailetik gaur arte; egunean bi haur, batez beste.

Azken bi urtetan, baieztatu da 64.000 haur hil edo mutilatu direla Gazako Zerrenda osoan, horien artean gutxienez 1.000 haurtxo.

Libanoko Osasun Publikoko Ministerioaren arabera, 2023ko urritik 166 haur hil dira, eta, gutxienez, 1.168 zauritu. Ordea, kopuru suntsitzaile horiek egunetik egunera handitzen ari dira. 2024ko irailaren 23tik Unicefek lehen laguntza psikologikoa eskaini die 9.600 haur eta zaintzaile baino gehiagori, eta laguntza komunitarioa eman die ia 10.000 haurri.

2026ko otsailaren 28an Minaben, Irango eskola batean, 7 eta 12 urte bitarteko 168 neskatila hil ziren eskola ordutan. Eta beste hamabi adin txikiko beste hainbat eskoletan, bost lekutan.

Eta nork daki zenbat gehiago munduko zenbait tokitan…

Datuak dira, bai, baina hori guztia sortzen dutenek non dituzte errukia, enpatia eta kontzientzia?

Ez al dute ikusten zenbaki bakoitzaren atzean haur bat dagoela bere izenarekin eta historiarekin, eta haien itxaropenak eta ametsak suntsitzen ari direla beren egarri espantsionistengatik?

Hiltzen dituzten guztietatik haurrak dira biktimen artean biktimenak, gerraren basakeriaren eta indarkeriaren isla garbia direla defendatu ezin dutelako, eta herriek ondorioak jasango dituztelako belaunaldiz belaunaldi.

Ez zuen alperrik esan orain dela hamar bat urte Mitra Farahani iraniarrak Azkoitiko gure parrokian bere arte lana egitera eta uztera etorri zenean. Haur sakratuen birziklatze modernoa izena eman zion lanari, eta honakoa esan zuen: "Haur soldaduaren, haur suizidaren edo haur esklaboen ezaugarrien atzean –haur esklaboak gaur egungo santuen eta martirien irudikapen gorena izango lirateke–, kausarik eta aberririk balego, belaunaldi bat dago egiazko "gurasorik" izan ez duena.

Ez gaitezen mutu geratu geure zilborrei begira, gertuko iragana eta orduko haurrak lekuko diren bitartean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide