Autoan gindoazen, oraintxe gertatu bezala oroitzen dut. 8-9 urte izango nituen, Zarauztik Zumaiara bidean, udako egun batean, eguzkia sartzen eta izeko Antoni bere ahots gozoz kantatzen... "Eguzkia hasten da,/ jetsitzen, jetsitzen/ dizdizera ederra /zaiola gutxitzen/ diamantezko printzak/ zaizkonian galtzen, /urrezko bola baten/ itxuran da jartzen/ eta geldi-geldi/ da itsaspera sartzen". Letra eta doinua iltzatuta ditut. Gerora, hazi horretatik olerki, kanta, bertsoekiko joera, sentimenduak pizteko gozamena. Joxean Artzeren hitzak datozkit: "Zernahi maitasunez eta gogoz egiten dugunean, guztiok egiten dugu poesia".
Badakit batzuetan zaila egiten dela poesiaren bihotza, esanahia, mezua jasotzea; izan ere, egileak sortze unean gorpuzten duena iritsi egin behar zaio jasotzaileari. Joxantonio Ormazabalek honako hau sortu zuenean: "Ni euri tanta banintz, egingo nuke zure sudurrean txirrist. Lurrera erortzean salto. Ta hodeietara joango nintzateke berriz!" Pirritx, Porrotx eta Marimototsek abestu, eta hainbat umerengana eta gurasorengana iritsiko zen eta iristen da. Mezua sinplea baina edertasunez betea, norberaren sudurrean sentsazio hori sumatzea eta transmititzea. Edo Mikel Laboak utzi ziguna: "Maite ditut maite geure bazterrak lanbroak izkutatzen dizkidanean...". Eta zer esanik ez Artzeren "Hegoak ebaki banizkio...".
Poesia maite dut, lagun ona dut une askotan, isiltasunean, hainbat poetaren eskutik orduak eman ditzakedalako. Hor aukera: Felipe Juaristi, Xabier Borda, Juan Luis Zabala, Jose Luis Otamendi, Miren Agur Meabe, Xabier Lizardi, Bernard Etxepare, Orixe, Gabriel Aresti, Xalbador (Odolaren mintzoa), Xabier Lete...
Azken horri helduz, Izarren hautsa poema, Laboak musikatua, eredu bikaina da bertsotaraino egin duen bidea ikusteko: azaroaren 4an, doinu hori erabiliz, Irunen Sustrai Colinak ganbarakoan hiru bertso poesia estetikan, hitzak bikain erabiliz, errimekin asmatuz, sortu zuen istorio ez hain fikziozkoa. Edo Oihana Iguaranek, Gotaine-Iribarneko (Zuberoan) hasierako agurrean Erramun Martikorenak musikatutako Xorieri mintzo zen doinuak duen berezitasunari bere ukitua emanez sortu zuena, eta Bertsolaritzaren Datu Basean gorde eta entzungai dagoena, Hor bide eguzkitsu bat izendapenarekin.
Amaigabeko zerrenda osa nezake. Bukatzeko, Jon Maiaren eta Benito Lertxundiren Itsasoari begira aipatu nahi nuke, niretzat gure herriaren ereserki bihurtzeko mezua eta musika dituelako, eta batez ere iziko Antoni zutaz gogoratzera bultzatzen nauelako. Zu hain maite zenuen Zumaian geratu zinelako, beti aipatzen zenuen itsasoari begira.