Biak ala biak Euskal Herrian jaioak. Bata Azkoitian, bestea Bilbon. 1901ean, gure herrikoak 2 urte zituela besteak 36, Lore Jokoak ospatu ziren Bizkaiko hiriburuan, eta dominak zein diplomak banatu zituzten, besteak beste, euskarazko zein gaztelerazko olerkirik ederrenentzat. Bilbotarra Salamankako Unibertsitatetik gonbidatuta joan zen Arriaga antzokira, eta euskararen gaiari eutsi orduko, zera esan zuen: "El vascuence se extingue, sin que haya fuerza humana que pueda impedir su extinción. Muere por ley de vida (...) Enterrémosle santamente, con dignos funerales, enbalsamado en ciencia; lleguemos a los estudiosos tan entrañable reliquia. Porque el vascuence tiene que desaparecer por ser impropio de los actuales tiempos y recordar una época de barbarie, ignorancia y fanatismo".
Azkoitiarra 13 urterekin herritik Santanderreko Unibertsitate Pontifiziora joan zenean, Nikolas Ormaetxea Orixe eta Jose Garcia Goldaz euskaltzaleak ezagutu zituen. Idatzi zuen guztia euskara hutsean egin zuen, nahiz eta gaztelania zein latina jakin; hautua egin zuen. 1925etik 1950era herriz herri ibili ondoren, jaioterrira itzuli zen, eta erdal giroa aurkitu zuen ikastetxeetan, irratietan, udalean... Euskal gazteria itota ikusi zuen, eta euskal giroa berpizteko ekintzen artean antzerki talde bat bultzatu zuen. Urtebetera talde horrek lehen antzezlanak taularatu zituen Olimpian; horien artean Izeko aberatsa irakurtzea animatzen zaituztet. Kantuz betetako komedia da: Anttoni, Anttoni ate ondoan nago ezaguna horkoa da, hitanoa erabiltzen dute antzezleek, hiztegia ere garai hartakoa da...
1953.urtean Donostiara joan zen. Zipitria eta Esnal andereñoei euskara erakusteari ekin zion, eta ikastolako lehen ikasleei euskal kantak irakasten zizkien.
Nemesio Etxaniz teatrozaleen gogoan aurkezpenari lotuta, Pako Sudupek dio gauza asko ikustea tokatu zitzaiola, Frankismoaren aurka borrokatu behar izan zuela, ia espetxeratua izateraino... Euskarak ordura arte landu gabeko lurrak lantzen ahalegindu zen, olerki erotikoak edota kantu modernoak sortzen, itzulpenak egiten...
Bizkaitarrak grekera, latina eta ingelesa zekizkien, eta bere 68 abizen euskaldunez harro omen zegoen, bere ustez euskalduna izatea hiltzera kondenatuta zegoen euskara taldea uzteko indar morala izatea omen zen, eta gaztelania erabiltzea euskal espirituak dimentsio nazionalak lor zitzan; are gehiago, unibertsalak.
Miguel Unamunok mundu zabalean ohorezko oihartzuna lortu zuen gaztelania hautatzeagatik, eta Nemesio Etxanizek ez du euskal kultura usaindun txoko bat ere. Ez al da euskalduna euskara duena?