Non hago 'Miñan', Alhassane?

Erabiltzailearen aurpegia Ixabel Jauregi 2020ko urt. 21a, 12:16

Amets Arzalluz eta Ibrahima Balde. (Argazkia: Durangoko Azoka)

Ikaragarri gustatu zait eta edozeini gomendatuko nioke Miñan liburua. Ibrahima Balderekin batera ondu du lana Amets Arzalluzek eta haren bizitza jaso du idatzian.

Nork ez du gertu, ezagun, senide bat bere aberritik irten eta beste lurralde batera joan dena?

Zergatik? Zertarako? Euskaldunak aspaldidanik ez gara geldirik egonak.

Herrian ere hainbat herrialdetatik etorritakoak ezagutzen ditugu, baina, gehienak ezezagunak zaizkigu. Zenbat historia jasoko genituzke hainbaten ahoetatik.

Bada, horietako bat benetan hunkigarria eta irakurterreza hemen duzue Ibrahima Baldek idatzia, ahoz eta Amets Arzallus Antiak idatzia, eskuz.

Gineatik (Afrika) Europarako bidaiaren kronika da nobela bihurtuta, kontaketa berezia, Ibrahima Baldek hitz egin ahala Amets Arzalluzek idatzi duelako.

Anaia txikiaren bila Afrikatik abiatu eta Iruneraino ailegatuko baita, eta han Ametsekin topo egingo du.

Eskutan hartuko duzun liburuan murgilduko zara, etengabeko irakurketan protagonistaren arimarainoko bidaia berritzaile batean sartuta, lehen pertsonan, lekukotasunaz blaituta, irakurketa amaitutakoan kalean egunero ikusten ditugun migratzaileei beste begi batzuekin begiratzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide