Errematea

Menopausia eta klima aldaketa

Erabiltzailearen aurpegia Inma Urteaga

Inma Urteaga kolaboratzaileak Azkoitia Gukaren urriko aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: Menopausia eta klima aldaketa.

Bada oraindik inork behar bezala aztertu ez duen kontu bat: zergatik ez du Osakidetzak aire girotuaren aparatu bat errezetatzen menopausia diagnostikatzen duenean? Ez dut luxurik eskatzen; ez sparik, ezta Karibera bidaiarik ere. Aire girotua. Instalazioa barne, ahal bada.

Menopausian beroaldia iristen denean, berdin du kanpoan bost gradu al dauden: gorputzak Sahara bihurtzea erabakitzen du. Urteetan "bero naiz" esan, eta erantzuna honako hau izan da: "Baina hotz egiten du!". Bai, zuentzat.

Baina orduan klima aldaketa iritsi zen. Eta hor dago ironia handia: klima aldaketak beroaldiak demokratizatu ditu. Orain denok gaude bero: autobusean, bulegoan, kalean... Jada inork ez dizu arraro begiratzen leiho guztiak ireki nahi dituzunean.

Zientzialariek berotze globala aztertzen dute, eta guk zera pentsatzen dugu: "Ikusten? Nik duela urte batzuk esan nuen". Ez, klima aldaketa ez da albiste ona, baina menopausian gaudenok badugu kontsolamendu txiki bat: lehen gorputzak esaten zuen: "Bero naiz"; eta munduak: "Zure kontua izango da". Orain planetak erantzuten du: "Ni ere bai". Eta hori ez da justizia klimatikoa, baina justizia poetikoa bada. •

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide