Informazioa "hodeian" izateak ingurumenarekiko kontzientzia ekintza dirudi. Zer da garbiagoa eta arinagoa hodei bat baino? Freskoa, poetikoa... Gure datuak haizeak zeru urdinean mugitzen dituen ur tanta gardenak bezalakoa dirudi. Zer kostu ekologiko izan dezake hain bukolikoa eta arina dirudienak? Ba handia!
Formazio digitalik ezak ez digu uzten "hodeian" dugun hori guztia datu zentro erraldoietan dagoela gordeta ikusten, milioika kilowatt kontsumitzen dituzten zerbitzari lerro amaigabeetan. Etengabe martxan daude horiek, berotu egiten dira eta hozte sistema izugarriak behar izaten dituzte. Bertan dagoena informazioa da, byteak, 24 orduz eskuragarri egon behar dutenak urteko 365 egunetan. Guztia.
Mendietan aerosorgailuak jartzen ditugu, soroak eguzki plakekin ordezkatzen ditugu eta zentral nuklearrak mantentzen ditugu etengabe hazten ari den "hodei" hori elikatzeko. Nire lehengusuaren etxean dagoen ezkontza argazkiaren aztarna ekologikoa irudia han kokatu zutenean bukatu zen. Baina nire lagunei aurreko astean bidali nien argazki hura gaur arte ari da energia kontsumitzen, etengabe. Iritzi hau hodeian zuentzat eskuragarri egotea zenbat kostatuko litzaiguke guztioi?