Gure egunerokoari helduko diogu aitzakiarik gabe: burua mila pentsamendutan dabil, gaizki lo egiten dugu, janariari ez diogu neurria hartzen, eta bizitzak zapaltzen gaituela sentitzen dugu momentu oro. Ez dugu beste wellness app bat behar: oinez ibili behar dugu. Bai, bi hanken gainean oinez ibili, baina ez edonola. Ibilaldi neuro-osasungarria gure egunerokotasunean txeratu behar dugu nolabait, ea horrela gorputzaren sistema sinpatikoa (azeleragailua) eta parasinpatikoa (lasaigarria) berriro elkarrekin koordinatzeko modua topatzen dugun.
Nolakoa da ibilaldi neuro-osasungarria?
- Ibilbidearen egitura: ahaztu egin behar ditugu ibilaldi lauak eta aspergarriak. Gure ibilaldiak heren bat izan behar du gorantz, heren bat beherantz eta heren bat lauan. Horrela, hankek lan egingo dute, bihotza konturatuko da bizirik gaudela, eta garrantzitsuena dena: gure garunak ulertuko du oreka dagoela ahaleginaren eta atsedenaren artean.
- Pisu pixka bat (baina ez gehiegi) eramango dugu: nahikoa da motxilan ur-botila bat sartzea. Baina ez dugu inoiz gure gorputzeko pisuaren %10a gainditu behar; ez gara El Conquistador saiora joango diren horietakoak.
- Gutxieneko iraupena: gutxienez 20 minutu. Ondo sentitzen bagara, jarraitu; gorputzak esango digu noiz gelditu.
- Buruaren jarrera: ez helbide elektronikorik, ez podcastik, ez musikarik, ez ezer. Arnasa hartu behar dugu, inguruari erreparatu eta burua hustu. Gure eginkizun bakarra da tarte horretan oinez ibiltzea, besterik gabe.
Zientziaren arabera lortuko ditugun onurak:
Softwarea eguneratzearen modukoa da sistema sinpatikoaren eta parasinpatikoaren arteko oreka lortzea: gorputzak ez du trabarik egiten, eta guztia hobeto funtzionatzen hasten da. Emaitzak ez dira magikoak, fisiologikoak dira:
- Loa erregulatuko zaigu; ez gara gauero 04:00etan esnatuko.
- Gosea orekatuko zaigu; ez dugu gehiegi jango, ezta jateaz ahaztu ere.
- Desira sexuala egonkortuko zaigu; ez itzalita, ez gehiegi piztuta.
- Burua argituko zaigu; buruko lainoa desagertu eta argitasuna itzuliko da.
- Gure aldartea orekatuko da; horrenbeste arazotan sartzen gaituzten gorabehera emozionalak asko gutxituko dira.
- Odoleko presioa, digestioa eta immunitatea hobetuko dira, baita hantura desagertu arte txikitu ere.
Beraz, goazen aitzakiak alde batera uztera eta oinezko ibilaldiak egitera.
Ibilaldi neuro-osasungarria da gure barneko "sistema berrezarri" botoia: doakoa eta wifi gabea da, albo ondorio atseginak dituena; umore ona, fokua eta bizitzeko gogoa emango dizkigu.
Ziur nago laster ikusi garela San Martingo edo Floreagako aldapetan gora eta behera bizkarrean motxilatxoa dugula; eta nork daki, hemendik urtebetera Izarraizko, Urrategiko edo Kukuherriko aldapekin ere ausartuko gara.