Errematea

Irakasle izateak merezi du

Erabiltzailearen aurpegia Inma Urteaga 2025ko uzt. 27a, 09:35

(Freepik)

Inma Urteaga kolaboratzaileak ekaineko Azkoitia Guka aldizkariaren Errematea iritzi atalerako idatzitako artikulua da honako hau: Irakasle izateak merezi du.

Irakasleok askotan galdetzen diogu geure buruari gure ikasleengan inbertitutako ahaleginak benetan merezi ote duen, irakasten dugunak haien bizitzan eraginik izango ote duen. Eta noizbehinka konturatzen gara baietz, merezi izan duela. Pazientziaz, dedikazioz eta batzuetan frustrazioz ereindako hazi horiek uste baino zerbait handiagoan ernatu direla.

Aurrekoan, 13 urteko ikasle talde heterogeneo batek antzezlan konplexu bat plazaratu zuen. Antzezlan motza izan arren, eskola proiektu handia zen, eta askoren denbora, koordinazioa eta ahalegina eskatu zituen, baina erraztasun harrigarriarekin garatu zen. Eta honako hau da gakoa: lan hori guztia gure aurretik aritu ziren maisu-maistrek eraiki zuten oinarri sendoari esker egin zen.

Pazientzia eta mimo handiz haziak erein zituzten haiek segur aski sarri galdetuko zioten beren buruari beren lana fruituak ematen ari ote zen. Gaur, baietz esan nahi diet. Gure ikasleek zera erakutsi dute: elkartasuna, eskuzabaltasuna, konpromisoa eta taldean lan egiteko gaitasuna. Ahalegin bakoitzak, hitz bakoitzak, ikasleei eskainitako une bakoitzak, merezi izan du, eta arrasto ezabaezina utzi du ikasleengan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide