Ordu aldaketak

Erabiltzailearen aurpegia Iraia Oteiza 2024ko urr. 27a, 10:00

Azkoitiko plazako ordularia. (Andoni Elduaien)

Iraia Oteiza kazetariak azaroko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: 'Ordu aldaketak'.

Badator negua. Oraindik urrun ikusten nituen santomasak eta Gabonak, baina uste hori aldatu dit orain gutxi egin dugun ordu aldaketak. 18:00etarako ilunduta egongo da laster, eta egia esan, lanetik ateratzen naizenerako dena ilun egongo dela jakiteak tristura apur bat sortzen dit.

Kuadrillan atera nuen gaia aurrekoan. Zer pentsatzen ote duten jakin nahi nuen, besterik gabe. Eta aizu, eztabaida serioa sortu zen gure ostiraletako poteo garaian. Batzuk ordu aldaketaren alde; besteak kontra.

Urte osoan ordutegi berarekin egon beharko genukeela zioen batek, nahiz eta ez zeukan oso garbi neguko edo udako ordutegia mantentzea izango litzatekeen guretzat egokiena. Egia esan, nire orain arteko uste oso antzekoa adierazi zuen hark.

Baina ordu aldaketaren alde egin zuen beste batek, eta bere argudioek zer pentsatua eman zidaten. Aldaketa horrek dituen onuren inguruko zerrenda moduko bat egin zuen hark pare bat minutuan, eta ikaragarri ongi defendatu zuen ordu aldaketaren aldeko bere jarrera. Pentsa, konbentzitu egin ninduen.

"Ordu aldaketak niretzat abantailak baino ez ditu" esanez hasi zuen bere hizketaldia. Behin hori esanda, betirako neguko ordutegiarekin geratzen garela imajinatzen jarri gintuen kuadrillako gainerakook. Neguan nahiko ongi egongo ginatekeela zioen hark, eguzkia 09:00etarako atera eta 18:00ak aldera ezkutatuko litzatekeelako. Baina, zer gertatuko litzateke uda garaian? Dirudienez, abuztuaren 1ean, eguzkia 06:00ak baino zertxobait lehenago aterako litzateke, eta 20:30ak aldera ezkutatu (niretzat, aukeran goizegi).

Ordu aldaketarik gabeko bi aukeretako bakar bat ere ez da nire gustukoa

Udako ordutegian geratuz gero, berriz, arazoa kontrakoa litzateke. Inork imajinatzen al du negu garaian 09:30ak arte ilun egotea, nahiz eta arratsaldean ordubeteko argia irabazi? Hala izango balitz, herriko umeak eskolara ilunpetan joango lirateke.

Ai ama. Ordu aldaketarik gabeko bi aukeretako bakar bat ere ez da nire gustukoa. Aukeran nahiago dut ordua aldatu eta horretara egokitzea. Udako ordu aldaketaren egunean ordubete gutxiago izango dugu lo egiteko, baina trukean kalitatezko argi ordu gehiago irabaziko ditugu. Negukoan, aldiz, ordubete gehiago izango dugu lo egiteko, edo parrandarako. Ez da hainbesterako.

Hemendik aurrera nik ere ordu aldaketen aldekoa naizela esan dezaket. Jet lag-ak edota ordutegiz aldatzean pairatzen dugun deserosotasun horrek aldaketa ordu bakoitzeko egun bat irauten omen du. Arau bera aplikatzen badugu, egun bakarrean ordutegi berrira egokituta egoten gara. Sakrifizio gutxi eta dena iruditzen zait ekartzen dizkigun abantaila guztietarako.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide