Igerilekuko irisgarritasuna ezagutarazteko bideoa kaleratu dute IDO taldekoek

Inma Urteaga eta Ursula Urteaga igerilekuko erabiltzaileekin hitz egiteko aukera izan dute Instalakuntza Duinak Orain! (IDO) taldekoek. Biek gertutik ezagutzen dituzte igerilekuaren irisgarritasun arazoak, eta bideo honetan ikusi ahalko dira.

Udan zehar igerilekuaren inguruko hainbat aspektu landuz bideoak egingo ditu Instalakuntza Duinak Orain! (IDO) taldeak. Duela bi urte ere formatu berdinean lanketa sakona egin zuten, zenbait aspektu landuz eta jende desberdinaren iritzia jasoz.

Kiroldegiaren irisgarritasunaren inguruko azterketa egiten ari dira IDO taldekoak Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioarekin batera. Lan horren bidez, helburua da gaur egun kiroldegiak dituen gabeziak identifikatzea. Uda osterako prest izango delakoan daude eta bertako informazioa ere helaraziko diete interesdun guztiei. Egoera aztertuz eta parte hartzea sustatuz egingo duten hirugarren txostena da hau. Plataformako kideek argi dute arazoaren xehetasun guztiak aztertu nahi dituztela, etorkizunean igerilekua egiten bada, gaur egungo eta etorkizuneko beharrei aurre egingo dien igerilekua izateko.

Igerilekuaren inguruan euren bizipen edo egoera ezagutaraztera eman nahi duen edonor animatu nahi dute taldeko kideek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide