Atzo, zapatua, Azkoitiko igerilekuan Udaberriko ligako 2. jardunaldia ospatu zen. Bertara etorri ziren talde guztiek eta epaileek bat egin zuten Instalakuntza Duinak Orain (IDO) taldeari babesa emateko.
Horien artean oñatiarrak ere bazeuden, eta IDO taldeak euren ordezkariarekin hitz egiteko aukera izan zuen. Oñatin kiroldegiaren berritze lanak prestatzen ari dira. «Denbora gutxi barru proiektua gauzatzea onartuko dute eta hurrengo urteko maiatzaren inguruan obrarekin hastea aurreikusten dugu» adierazi zieten IDO taldeko kideei.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 453.920€ ko diru laguntza eman dio Oñatiri berritze lanetarako, guztira lanen kostua 3.500.000 euro inguru izango delarik. Hobekuntzen artean igerilekua handituko dute; gaur egun bost kale ditu eta zortzi kale izatera pasako litzateke. Gipuzkoan, Oñatirekin batera, beste lau herritako igerilekuek jaso dute laguntza: Legazpik, Elgoibarrek, Urretxuk eta Arrasatek.
Oñatiko herriaren kasuan, igerilekua handitzeko beharra kiroldegian egin zuten galdetegi baten ondorioz jasotako datuen bitartez ikusi zuten, arazoa lehenagotik aurreikusi arren.
Azkoitian ere hurrengo pausoa proiektua gauzatzea da, horren eta obraren zuzenketaren kostua 140.000 eurokoa da. Martxoaren 7an udalean IDOko taldekideek izan zuten bileran hurrengo urteko aurrekontuetan agian diru koputu hori sartzea egongo dela adierazi zieten IDO taldekoei. Proiektua finantzatzeko laguntzak ere bilatu beharko dira. Horretarako, Foru Aldundiarekin kontaktuan jartzea aurreikusten dute IDOk eta udalak. Oraindik aurretik sukalde lan handia dagoela uste dute. Oso aberasgarria izan da inguruko herriekin hitz egin eta esperientziak partekatzea.