Instalakuntza Duinak Orain! taldekoak ikerketa lan sakona egiten ari dira Azkoitiko igerilekuaren inguruan eta Zubiaurrek igeri elkarteko kide eta gurasoak informazio horren berri izateko nahia adierazi zioten taldeari. Oso ideia ona iruditu zitzaien Zubiaurrek egindako proposamena, informazioa hori zabaltzea baita asmoa.
Instalakuntza Duinak Orain! taldea udaletxean aurkezteko txosten bat prestatzen ari da. Dagoeneko adierazi diote Udalari bilera egiteko asmoa, txostena aurkezteko eta hitz egiteko; erantzunaren zain daude orain. Txosten horretako informazioa azalduko dute azaroaren 15ean egingo den bileran.
Herritar talde bat da ari da txostena prestatzen eta lortu duten informazioarekin gustura daude. «Lan asko eskatu du txosten hau egiteak, jende askok hartu du parte eta hori eskertu beharra dago. Emaitza oso ona izan da eta lanak merezi izan du, herritarrak egoeraz jabetzea da hurrengo pausoa. Herritar asko kexatu izan gara, baina oraingoan denok elkartuz irtenbidea bilatzeko lan egitea da gure asmoa», adierazi dute.