Txokolate ontza bat

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Irizar Alberdi

Iosu Irizar kolaboratzaileak Azkoitia Gukaren urriko aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: Txokolate ontza bat.

Udazkena iritsi da. Ez dakigu udazkenarekin euria, hostoen dantza, iluntasuna, hotza... etorriko ote diren. Zuentzat urria da; niretzat, ordea, irailaren 13a, igandea. Irailaren 13a txokolatearen nazioarteko eguna omen da. Hala erantzun dit behintzat adimen artifizialak. Horren harira, proposamen bat dut zuentzat: joan zaitezte sukaldera, ireki armairua eta har itzazue txokolate ontza bat edo bi. Eta ontza horiek dastatzen ari zaretela irakurri hurrengo lerroak. 

Lerro hauetan hitz egin nezake unibertsitatera sartzeko probetako emaitzei buruz, horiez kexatu zirenen hizkuntza mailari buruz. PISA txosten famatuaren emaitza kaskarrei buruz ere hitz egin nezake. Emaitza kaskar horiek lortzearen atzean dauden arrazoien zerrenda bat ere egin nezake, orain guztiak adituak baikara. Sartu txokolate zatitxo bat ahora, eta dastatu kakao zaporea. Beste aukera bat litzateke euskararen kontrako oldarraldiaz hitz egitea, lerro hauetan epaileek atzera bota dituzten erabaki guztiei buruz aritzea. Izan ere, ez dakit konturatu zareten, baina gaur egun mundu honetako arazo guztien erantzulea euskara dela dirudi edota hori sinetsarazi nahi digute. Beste txokolate zati bat ahora.

Herria mugitu behar dugu eta herriak argitu behar du gaua. Zorionez, herria hasi da horretan

Bada ez, ez dizuet aurretik aipatutako horiei buruz hitz egingo. Dakizuenez, hilabete amaieran Gau Beltza edo Arimen Gaua izango da. Bai, bertakoa, gurea. Ez kanpotik azkar eta pentsatu gabe inportatu dugun mozorro eta gozoki festa. Guretzat berria den festa hori ez da hain berria gure aitona-amonentzat. Gure amona Maria Luisak hala kontatzen du: txikiak zirenean kalabazak hustu, kandelak jarri eta errepide izkinetan uzten zituztela, norbait beldurtuko zelakoan. Eta, noski, noiz ospatzen zuten? Bada, kalabazak zeuden garaian. Eta noiz da kalabazen garaia? Oraintxe, udazkenean. Bai, baratzeetatik eta landa eremutik urrundu egin gara, eta orain ez dakigu garaiko barazkiak eta fruituak zein diren ere. Hori berreskuratu beharko genuke.

Beraz, aspalditik ospatzen da Gau Beltza gurean. Gure historiaren parte da. Kalabazak, heriotza, gaztainak, beldurrak, izara zaharrak, kandelak, lastozko txapelak... Globalizazioari aurre egin eta gurea mantentzen eta berrindartzen saiatu behar dugu. Herria mugitu behar dugu eta herriak argitu behar du gaua. Zorionez, herria hasi da horretan, eta Gau Beltza ospatzeko saiakera bat egingo da aurtengoan. Euskara Mahai berritua eta herritar talde bat lanean ari dira urriaren 31n arratsalde berezi bat izateko. Laster emango digute horren berri. Ea denon artean zerbait polita egin dezakegun. Azken txokolate zatia irribarre batekin barrura!

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide