Ekaitz tropikalak eta eguzki izpiak

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Irizar Alberdi 2025ko urr. 28a, 10:24

Azkoitiko Alde Zaharra, airetik. (Filmsuri)

Iosu Irizar kolaboratzaileak iraileko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzita iritzi artikulua da honako hau: Ekaitz tropikalak eta eguzki izpiak.

Ziur aski lerro hauek irakurtzen ari zaren honetan, oporrak amaitu zaizkizu eta dagoeneko itzuli zara errutinara, lanaldi luzeetera eta bileretara. Edo, agian, zorteduna zara, eta orain zaude oporretan. Hala bada, aprobetxa ezazu gure izenean!

Besteok dagoeneko egunerokotasunean murgildu gara. Ikasturte berri bati eman diogu hasiera. Tradizioa omen da ikasturte berriarekin batera helburu edota erronka berriak hartzea: kirola egiten hasiko naiz, hobeto jango dut, hizkuntzak ikasten hasiko naiz... Euskara, adibidez? Gustatuko litzaidake gure inguruko jende dezentek helburu hori hartuko balu ikasturte berrirako.

Udazkena gerturatzen ari den arren, oraindik ekaitz tropikalen garaian gaude. Badakizu, hain indartsuak eta suntsigarriak diren ekaitz horien aldian. Eta esango nuke euskara ekaitz tropikal baten erdian dagoela, irail honetan ere ekaitzak ez duela mugitzeko asmorik: euskararen kontrako epaiak bata bestearen atzetik, epai horien kontrako elkarretaratzeak eta manifestazioak, etorkizuna are beldurgarriagoa izango dela iragarri duten txosten ilunak, gizartean zabaldurik dauden euskarari buruzko uste eta mito faltsuak... Ekaitzak gogor dirau eta ez dirudi erraz ahulduko denik, trumoi hotsak indartsu entzuten baitira. Aterkiak irekita ditugu, baina badirudi ez dela nahikoa eta haizeteak eramango dituela airean.

Azkoitia eta erdaldunak binomioa gero eta sendoagoa da zoritxarrez

Eskerrak tarteka laino artetik eguzki izpiak ateratzen direla. Bai, euskarak ere baditu bere eguzki izpiak. Edota nik behintzat hala bataiatu ditut pertsona horiek. Zein dira, bada, eguzki izpiak? Esaterako, euskararekin lotura gutxi izan arren, gure hizkuntza ikasten ari direnak. Gogotsu daudenak eta pausoz pauso beraien gaitasuna hobetzen ari direnak. Uda honetan ezagutu ditut batzuk eta zelako sorpresa. Jakinda azkoitiarra eta euskalduna nintzela, zuzenean euskaraz hitz egin saiatu ziren nahiz eta ez izan Euskal Herrian.

Eskerrak ahalegina egiten ari diren. Gainera, baten kasuan, hitanoa erabiltzen saiatu zen, hori bai hori meritua: euskarara gerturatu eta hitanoa erabiltzen hastea ia hasieratik. Horrelako eguzki izpiak behar ditugu.

Eskerrak eredu direla pertsona askorentzat, batez ere, bertako erdaldunentzat. Bai, izan ere, Azkoitia eta erdaldunak binomioa gero eta sendoagoa da zoritxarrez. Eta bertako erdaldunek behar dituzte halako erreferenteak euskara ikasten hasteko. Horiek bai eredu bikainak. Euskara ikasteko inoiz baino baliabide gehiago dauden garai honetan, anima ditzagun inguruan ditugunak eguzki izpi izatera. Ea elkarrekin lortzen dugun ekaitza baretzea eta eguzkia ateratzea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide