Ezjakintasunean murgildurik

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Irizar Alberdi 2018ko abe. 29a, 09:00

Iosu Irizar Alberdi

Sokrates filosofoak behin esan omen zuen munduan gaitz bakarra zegoela: ezjakintasuna. Aditu askok Sokratesen ideia horren alde egin dute. Ni neu ere ados nago Platonen irakasleak esan zuenarekin. Gizarte eta herri honetako arazo nagusienetako bat da ezjakintasuna eta jakin gabe hitz egitean sortzen dugun mina eta kaltea.

Kalera irteten garen bakoitzean entzuten ditugu hari eta honi buruzko iritziak eta kontuak. Lagunartean gaudela gai ezberdinez hitz egiten dugu, erosketak egitean dendariekin aritzen gara kontu-kontari, edota gure seme-alaben bila joatean gainerako gurasoekin aritzen gara. Oso gustuko dugu bataz edo besteaz hitz egitea, baina batzuetan mingaina oso luzea izan ohi dugu eta egokiak ez direnak bi aldiz pentsatu gabe esan ohi ditugu. Mina eta kaltea eragiten duten esaldiak esan ohi ditugu. Noski, hori guztia ezjakintasunaren ondorioa da, hau da, jakin gabe hitz egiten dugunean zentzurik gabeko kontuak sor ditzakegu, eta horiek jendearengan mina sor dezakete. Denok hitz egin dugu edo denok kritikatu dugu zerbait, kritikatzen ari garen horri buruz ideiarik izan gabe, hau da, errealitatea ezagutu gabe. Nire gertuko pertsona batek dioen moduan, askotan zerbait edo norbait kritikatzen duten pertsonek zerbait edo norbait horren izena bakarrik ezagutzen dute, ez dakite benetan nolakoa den edota zer lan egiten duen, jakin gabe hitz egiten dute.

Ohitura handia dugu kalean entzundakoak eta bolo-bolo dabiltzan gezurrak egia balira bezala hartzeko eta gure jakinduria bihurtzeko. Aurreiritziak barruan gorde eta horiek erabiltzen ditugu jakitunak ez garen gaietan hitz egiteko edo mina sortzeko. Batzuetan nahi gabe, beste batzuetan nahita. Zenbat aldiz hitz egin ote dugun ezjakintasunetik mina sortzeko asmoarekin eta gure aurrean dagoenari barruan traba sortzeko asmoarekin. Horixe bera da gizarte eta herri honen arazorik handiena. Oso erraz hitz egin eta kritikatzeko ohitura eta joera dugu, eta ez dugu inoiz pentsatzen gure ahoberokeriagatik sor dezakegun minean. Inori ez zaigu gustatzen guri buruz edo guretzat garrantzitsua den arlo edo proiektuari buruz jendeak pentsatu gabe eta ideia handirik gabe hitz egitea. Ziur nago denok egin ditugula honelako iruzkinak edota guztiok entzun behar izan ditugula honelakoak: talde hori ez zaizu komeni, guztiak handiusteak dira, sekta bat da, hor alferrak bakarrik daude, nola elkartzen zara pertsona horiekin, eta abar, eta abar, eta abar.

Ziur nago guztiok bizi izan ditugula horrelako egoerak. Gainera, ziur nago eragina izan dutela guregan eta mina eman digutela. Niri bai behintzat; niri, zoritxarrez, askotan gertatu zait, eta indar handia izan behar da horrelako iruzkinak alde batera utzi eta aurrera jarraitzeko. Beraz, ez baldin bazaigu gustatzen jendeak guri horrelakoak esatea, guk ere ez ditugu aipatuko eta ez ditugu lau haizeetara zabalduko. Sokratesek beste hau ere esan zuen: «Benetako jakituria gure ezjakintasuna onartzean datza». Aplika dezagun ba hori: gai bati buruz ideiarik ez badaukagu, ez dugu gai horri buruz hitz egingo. Alor edo proiektu bati buruzko ezjakintasuna badaukagu, ez dugu hura kritikatuko eta ez dugu hari buruzko kontu txarrik asmatuko. Saia gaitezen hori egiten, hau da, ezjakintasunaren itsasoan murgildurik bagaude, arrantzatzeko kanabera hartu, eta jakinduria eta ezagutzak harrapatzen saiatuko gara. Horrela, ondoren, ezagutzarekin hitz egin ahalko dugu, eta ez ditugu gezurrak eta kalteak sortuko. Noski, hori lortu ahal izateko, indarra eta borondatea jarri behar dugu; izan ere, gizarte honetan ezjakintasuna nagusi da, eta haren olatuak leku eta txoko guztietara iristen dira. Ni, behintzat, saiatuko naiz hemendik aurrera itsaso horretatik irten eta lurretik hitz egiten.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide