Lanbroa

Ikasleak, eskolan, lurrean eserita. (Freepik)

Ioritz Gonzalez kolaboratzaileak Azkoitia Gukaren urriko aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: 'Lanbroa'.

Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio euri lanbroak konturatzerako bustitzen dituela oiloak. Antza, ez dira bakarrak.

Orain ez asko, eskolak ematen ari nintzen bitar tean, azkenaldian behin eta berriz entzuten ari naizen esamolde baten inguruan hausnartzen ari nintzela, ikasleei hari buruz galdetzea otu zitzaidan. Neure barnean erantzuna zein izango zen susmoa izan arren, zalantza izpi bat izan nuen. Agian, esperantza. Honako hau bota nien: "Zer uste duzue dela egokiagoa, 'arratsaldean geratuko gara' ala 'arratsaldean geratzen gara?'. Edota, 'bazkalondoren deituko dizut' ala 'bazkalondoren deitzen dizut?'". Ikasleek, nola ez, bi aukeretan bigarrena egokiagoa zela erantzun zidaten, inolako zalantzarik gabe.

Buruan dut duela urte batzuk bazela tzen metodoa deituriko iragarki bat, euskara ikasi nahi zutenei zuzendua. Gogoan dut, garai hartan, iragarkiaren mezuaren kontura txantxa ugari egin genituela. Aitzitik, gure belaunaldiko jendearen artean esamolde hori oker erabiliz entzuten hasiak geunden, gutxi entzuten zen arren. Nik, neure ezjakintasunean, espresio modu hori begi onez onartzen nuen, modernoagoa zelakoan edo. Tamalez, urte gutxiren buruan, badirudi guztiz hedaturik dagoela; konturatu ere egin gabe geure egin dugula. Bizikidetzan dugun hizkuntzaren euri langar etengabea ote...

Bazen tzen metodoa deituriko iragarki bat, euskara ikasi nahi zutenei zuzendua

Beti moduan, burura datorkit zein izan daitezkeen esaera arrotzak hain natural barneratzeko aldagai adierazgarrienak, eta horretaz gain, zerbait egiterik ba al dugun. Gailuen bidez kontsumitzen ditugun edukien eragina? Globalizazioaren eragina? Biak ala biak? Ziur aski, aldagai askoz gehiago ere izango dira tartean.

Egun, zoritxarrez, uste dut esamolde horrekiko borroka galdua dugula. Esango nuke, neure lagunarteko solasaldi batean entzutean norbait zuzenduko banu, hainbat zerri buruz nabilen konturatu ere ez liratekeela egingo. Seguruenik, purrustadaren bat entzutea ere egokituko litzaidake; agian, arrazoiarekin, gainera.

Akaso bihar, ikasleek klasea amaitzean "gauzak jasotzen ditugu?" galdetzen didatenean, "bai, batzuk egunero" erantzun beharko nieke.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide