Hertzainaken kontzertua hastear. Emozioa, zirrara. Aspaldiko partez, gorputza hainbat sentimenduz josirik: gaztaroko bizipenak, parrandetan ezinbesteko ekarpena egin zuen talde baten emanaldia. Sentsazio polita, eta, ileurdin eta burusoil kopurua nabarmena izan arren, gazte sentitzen naiz, kulturaz eta parrandaz gozatuz, libre.
Gure belaunaldiko gazte asko musikaren bidez hasi ginen euskal kulturan murgiltzen, euskal kanta zaharrak kalean eta tabernetan entzunez nahiz abestuz. Jakina da kultura ez dela soilik eskolako kontua; liburuen kontua; zinemaren kontua. Karriketako kultura ere gure kulturaren parte da, "zabal bidea eta airea, gure hizkuntzak har dezan arnas...". Aspaldi esana da "kantatzen duen herria inoiz ez dela hilko". Egun ere, aldarri horrekin diharduenik bada.
"Jo ta ke, irabazi arte" kantatzen zuen belaunaldikoa izanik, euskal rocka kaleko iturritik egunero edan zuten haietakoa naiz. "Ikusi eta ikasi" egiten genuen, "ondo entzun, eta hobeto heldu". "Euskaraz eta kitto, zertarako da gehio!", aldarrikatzen genuen, edota Iñaki ikustean konturatzen ginen "ze urrun dagon Kamerun". "Kriston martxa zegon sasoi ilun hoietan". Parrandan, "sarri-sarri, bafleetatik kriston martxa dabil!" abesten genuen, eta amaitzean, berriz zoriontsu izango ginela, "edozein herriko jaixetan...".
"Nola aldatzen diren gauzak, kamarada". Zoritxarrez, egun, "ezer ez da berdin". Zoritxarrez, egungo gazte gehienek, musika- eta kultura- gosea kamusteko nahiago dituzte eduki arrotzak. Gauean irten eta tabernetan entzuten denaz jabetzea besterik ez dago. Globalizazioak eta teknologia berriek gure hizkuntzan, eta, oro har, gizartean izan duten eragina jada nabarmena delakoan nago.
"Zer kontzertu eta talde ikusiko ote dituzte oraingo gazteek urte batzuk barru?"
Internetek bizia aldatuko zigula esaten zigutenean ez genuen aurreikusten nola izan zitekeen. Horratx, konturatu orduko, gure bizian sartu zaigu: gure eguneroko bizimoduan, gure seme-alaben hezkuntzan, gure kaleetan, gure kulturan. "Hauxe duk hauxe, gure destinu petrala". Agian ez diogu eman zor zaion garrantzia: baliteke tresna modu horiekin ditugun zenbait joera eta ohiturek hausnarketa bat merezi izatea, baliteke tabernetan entzun dezakeguna geure esku egotea. Agian. Askotan pentsatu ohi dut gailuetan nagusitzen diren produktuen eta sortzaileen gero eta mendekoagoak garela. Zer iritzi izango ote du Gerard Pique futbolari ohiak gai horri buruz? Nik beti sinetsi izan dut guk txoria genuela maite.
Kontzertutik irtetean, erraietatik irten zitzaidan honako galdera hau bota nion nire bizikide eta bikotekideari: "Zer kontzertu eta talde ikusiko ote dituzte oraingo gazteek urte batzuk barru, gazte garaiak gogoratzeko?". Agian, arrazoi izango zuten, "inun baino alaiagoa" izan arren, Euskadin rock-an-rollak ez duela inoiz dirurik emanen esaten zutenek. Azken finean, amets prefabrikatuetan bizi garen izaki hutsak gara.