Genero berdintasunari buruzko formakuntza egitea egokitu zait lanean. Gustura hartu dut eginkizuna eta hasi naiz lehenengo atala irakurtzen. Definizio hau aurkitu dut, hasi orduko: "Genero indarkeriatzat hartu behar da gizarte sinemenean oinarrituta behe mailakotzat jotzen den genero bateko pertsona baten duintasun fisikoari eta moralari erasotzen dion jokabide, pentsamendu, jarrera, sentimendu, portaera, eraso edo mehatxu oro".
Ez nuen horrelako ezustekorik espero! Definizioan bertan, lehen lezioa: "Pentsamendu (...) oro", dio. Zorroztasun handiko planteamendua, zinez. Yogaren printzipio etikoa eta filosofikoa den ahimsa delakoarekin bat datorrela iruditu zait. Ahimsa-k, hitzez hitz, "indarkeriarik eza" edo "minik ez egitea" esan nahi du. Baina ahimsa-ren funtsezko dimentsioak hiru ekintza mailatan islatzen dira. Batetik, izaki guztiengana eta ingurunearengana hedatzen du, hau da, animalietara (horregatik praktikatzaile askok begetarianismoa edo beganismoaren bidea hartzen dute) eta ingurumenera. Helburua sufrimenduaren ordez harmonia sortzea da. Bestalde, gorputz fisikoa bere mugetatik haratago ez behartzea ere badakar ahimsa-k. Ondorioz, asanak edo ariketa fisikoak praktikatzean, barne elkarrizketa suntsitzailea saihestea eta norbere burua errukiz tratatzea bultzatzen du. Azkenik, ahimsa-ren arabera, biolentzia eza ez da eraso fisikorik ez egotera mugatzen; hitzetan eta pentsamenduetan moderazioa eta errespetua ere barne hartzen ditu. Hau da, irainak, kritikak, esamesak, epaiak eta mendekua saihestu behar dira. Zeinen zaila den horietan ez erortzea!
Oso nekeza da ideiak burmuineko satorzulotik atera baino lehen harrapatzea
Aristotelesek egin zuen hausnarketa ezagun batekin ere lotzen da aurrekoa, bete-betean. Filosofoaren iritziz, pentsamenduak baldintzatzen du ekintza; ekintzak errepikatzen ditugunean portaerak zehazten joaten gara, eta horiek ohiturak sortzen dituzte; ohiturek izateko modua egituratzen dute eta, azkenik, izaerak gure patua finkatzen du.
Pentsamenduen ehizan ibiltzeko asmoa dut, baina oso nekeza da ideiak burmuineko satorzulotik atera baino lehen harrapatzea. Konturatzerako, hor dabiltza gure 'etxea' okupatzen, zentzurik eta norabiderik gabe korrika batetik bestera, sekulako istorioak asmatzen eta gure bizitzak baldintzatzen. Nola suntsitu ideia bortitzak indarkeria erabili gabe? Ehiztarien eta arrantzaleen pazientziarekin eta dedikazioarekin, agian...