Bizitzaren jabetza

Erabiltzailearen aurpegia Irene Elortza 2026ko uztailaren 25a

Azkoitiko Gazte Asanbladak martxoaren 26an jakinarazi zuen lehen Lidl saltokia egondako eraikina okupatu zuela. (Julene Frantzesena)

Irene Elortza Gereño kolaboratzaileak ekaineko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: 'Bizitzaren jabetza'.

Inork ez zuen ezer esan emakume hura berea ez zen leku hartan bakarrik eta gaixorik urteetan bizi izan zen garaian. Inori ez zion enbarazurik egin bere gorputz txikiak berea ez zen espazio bat okupatzeak. Hil zenean ere ez genion erreparatu utzitako hutsuneari, libre utzi zuen espazio pribatuari. Bere koltxoi zaharra, hautsontzi betea, plater eta mahai tresna zikinak, aurrez prestatutako janari merkearen hondarrak, sofa hondatua eta bere eguneroko objektuak urte luzez egon ziren bertan, abandonatuta, geldirik eta hautsez betetzen. Solidotutako bakardade hondar geruza horrek ez zuen inor asaldatu. Pribatua zen.

Bakardadea kontu pribatua balitz bezala!

Orain, emakume haren heriotzak utzi zuen zuloa hazten hasi zela zazpi urte igaro diren honetan, hutsune hori betetzera etorri dira herriko gazteak. Fabrika zaharreko pareta tristeak koloreztatu dituzte, zoruak eta leihoak garbitu dituzte, gela umelak zaborrez hustu dituzte. Bizitzari lekua egin diote. Mahaiak, aulkiak, liburuak, edalontziak, margoak... ekarri dituzte. Eta horiekin guztiekin batera ametsak, proposamenak, ideiak, musika, irudiak, barreak, ahalegina, izerdia… ekarri dituzte. Errealitatea aldatzeko gogoa eraman dute eraikin zaharrera, eta handik, Azkoitiko kaleetara. Gauzak onerako aldatzeko gogoa, beharra, daukate. Denentzat, betiko.

Errealitatea aldatzeko gogoa eraman dute eraikin zaharrera, eta handik, kaleetara

Baina errealitatea burugogorra da, eta, batzuetan zatika erortzen bada ere, legeak beti saiatzen dira hura babesten. Gazteak lantoki zaharra okupatzera sartu orduko, agintarien ahotsak altxatu egin ziren jabetza pribatua ez dela ukitzen ozen esateko. Jabetza pribatua 'sakratua' baita. Ez da ukitzen: ezta urteak abandonatuta badaramatza ere; ezta heriotzaren usaina darion arren ere; ezta berpiztu nahi baduzu ere; ezta berpiztu badezakezu ere.

Baina bizitzak beti egiten du aurrera eta gazteen bizitzeko grina beti nagusitzen da. Hobe genuke gazteak bakean uztea. Gehiago entzutea. Eta, zerbait egiten hastekotan, euren ametsak betetzen laguntzea. Bestela, alferrik kezkatuko gara gero gazteen buruko osasun arazoez. Alferrik sortuko ditugu prebentzio eta sentsibilizazio saioak. Euren behar eta motibazioen eta behar dituzten bizi proiektuen inguruko kongresuak antolatzea ere debaldetan izango da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide