Jango dugu mehe

Erabiltzailearen aurpegia Irene Elortza 2026ko apirilaren 19a

Irene Elortza kolaboratzaileak Azkoitia Gukaren martxoko aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: 'Jango dugu mehe'.

Gipuzkoan, farmazia da batez beste diru sarrera gehien dituen jarduera, eta nekazaritza gutxien duena". Izena aipatu nahi ez dudan egunkariaren albistearen arabera, lanbideen artean irabazi kopururik handiena dute botikariek. Urtean ia 100.000 euro aitortzen dituzte sarreretan, garbi, gastuak kenduta. Nekazaritzaren eta abeltzaintzaren errendimendua baino zortzi aldiz handiagoa du farmazia sektoreak, hedabidearen arabera.

Gipuzkoako gure herri honetan ere, bezeroen sartu-irtena etengabea da lau botiketan. Gainera, saltoki horietan gero eta gehiago saltzen dituzte botikak ez diren produktuak. Osasunaren (edo gaixotasunaren, nondik begiratzen den) supermerkatu txikiak bihurtu dira azkenaldian. Belar denda tradizionalekin zuzeneko lehian ere sartu dira, sendabelarrak, gehigarri naturalak, estraktuak eta olio esentzialak saltzen, besteak beste. Aldiz, zapatu goizeko azokan gero eta jende gutxiago omen dabil azkenaldian. Hurbileko elikagai osasuntsuak komeni zaizkigula jakin badakigu, baina, non erosten ditugu gure eguneroko jakiak?

Gaur egun, familiek aurrekontuaren ehuneko txikiagoa gastatzen dute elikagaietan

Albisteak aipatzen dituen bi datu horiek lotuta daudela esango nuke. "Zure elikagaia zure sendagaia izan dadila" esaldi ospetsua Hipokratesi, medikuntza modernoaren sortzaileari, egozten zaio. Baina, gaur egun, familiek aurrekontuaren ehuneko txikiagoa gastatzen dute elikagaietan, eta gero eta handiagoa zerbitzuetan, aisialdian, etxebizitzan, garraioan... Lehen, 60ko hamarkadan, elikadurak hartzen zuen familiaren aurrekontuaren ia erdia. Gaur egun, %15 inguru besterik ez. Eta beherantz. Bestalde, EAEko elikadura autosufizientzia txikia da, barregarria. Kontsumitzen dugunaren %3 bakarrik ekoizten omen da bertan. Gainerako guztia beste eskualde edo herrialde batzuetatik dator, eta horren portzentaje bat bakarrik elaboratzen edo eraldatzen dugu bertan. Gero eta janari prozesatu gehiago ere hartzen ditugu, oro har.

Elikadura burujabetzatik oso urruti gaude, beraz. Jatea (eta erostea) ekintza politiko gisa ulertzen ez dugun arte merkatuaren logikaren menpe egongo gara. Eta merkatuak, zapatuko azokak ez bezala, ez dauka aurpegirik, ezta bihotzik ere. Urdail handi bat da, gure gorputzak txikitzen, ahitzen eta irensten dituena, diru bihurtzeko. Bidean gaixotzen bazara, botikak hartu eta segi aurrera!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide