Malkoen izaeraz

Erabiltzailearen aurpegia Irene Elortza 2026ko otsailaren 27a

Pertsona bat tantak begira botatzen. (discovericl.com)

Irene Elortza kolaboratzaileak urtarrileko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: Malkoen izaeraz.

Begi barruan azkura sentsazioa nuela-eta ('ikusmen arazorik' ez duen) optikariak begiak egunero xaboi berezi batekin garbitzeko eta ondoren malko artifizialak botatzeko aholkatu dit. Erosi dut sorta eta etxerantz abiatu naiz galderak buruan bueltaka nituela: poteko malko hauek nahigabe artifizialak sortuko al dizkidate? Nolakoak ote dira asmatutako pena horiek? Ba al da tristura naturalik? Akaso ez al ditugu tristura guztiak gure baitan asmatzen, luzatzen, birsortzen, mimatzen, zaintzen, gizentzen?

Betazalaren ertzean pilatutako zakarra garbitu ahala lasaiago geratu dira nire begiak. Burua ez, baina. Neure buruari lehen bi malko artifizialak bota dizkiodanean konturatu naiz asmatzea zein zaila den. Bata zein bestea begien ondoko azalaren gainean erori dira eta beherantz amildu dira. Bigarren saiakera. Malko (bitch) faltsu horiek barrura joan dira oraingoan. Ispiluan begiratu naiz eta begiek dir-dir egiten didatela ikusi dut. Ilusioz beteta daudela dirudi, baina hori ere artifiziala da. Gure poz asko bezalaxe. Izan ere, sarritan gure pozak geuk sortutako ilusioetan oinarritzen dira, edo, are okerrago, beste batzuek sortzen dizkiguten beharrak asetzean sentitzen dugun poztasun iragankorrean.

Aske izan nahi al dugu? Ba al dakigu aske izateak zer suposatzen duen?

Budismoaren arabera, "ilusioa" (maya) errealitatearen pertzepzio okerra da. Gauzak eta norbera ere iraunkorrak, sendoak eta finkoak direla sinesten dugu eta, gainera, bananduak daudela uste dugu. Baina, bistan da, dena iragankorra eta interdependentea da, eta etengabe aldatzen ari da. Ilusioak 'poza' sorrarazten digun neurri berean eragiten digu sufrimendua egiak. Zer egin ilusio hori desegiteko eta gauzak benetan diren bezala ikusteko eta, ondorioz, askapena lortzeko. Aske izan nahi al dugu? Ba al dakigu aske izateak zer suposatzen duen? Edo, prezio garestiegia duela sinetsita, nahiago dugu ez ikusiarena egin eta aurrera jarraitu, nahiz eta bukaeran faktura are garestiagoa izan?

Gauzak diren bezala ikusi. Ez da erronka makala. Malko artifizialek ingurua, gauzak eta pertsonak bere horretan, espektatibarik gabe, juzgurik gabe, ikusten lagunduko balidate...

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide