Oro har, ez zaizkit uniformeak gustatzen (musikarekin zerikusia dutenak salbu). Agian txikitako eskolako oroitzapenekin zerikusia du. Mojatako haurrok urteak eman genituen koadro urdin eta zuriko mantal aspergarri haiek erabiltzen 70-80ko hamarkadetan.
Uniformeak hainbat arrazoirengatik erabiltzen dira, bai eskolan, bai lan-inguruneetan, batez ere batasuna, berdintasuna eta talde bateko kide izatearen ideia edo sentipena sustatzeko. Segurtasunerako, higienerako eta identifikaziorako ere baliagarriak izan daitezke, eta, batik bat, buruko neke asko kentzeko balio dute.
Beltzen Eguna, Gorrien Eguna, Pilotari Eguna, Elegante Eguna eta horrelakoen arrakastak txundituta uzten naute, bakoitzean. Ulertu nahi nuke zein atsegin hartzen dioten denak berdin janzteari. Baina, goazen harira. Ez naiz hona etorri uniformeez eta uniformetasunaz hitz egiteko. Edo bai?
Beltzen Egunean, larunbat goizez, kalera atera eta harrituta geratu naiz ekitaldirako/festarako propio beltzez jantzita aurkitu dudan jendetzarekin. Zer pentsatua eman dit. Batik bat, eguerdi horretan herriko plazan egin den kontzentrazioan aurpegi ilun ugari baina arropa belzdun herritar gutxi ikusi dudalako. Elkarretaratzearen motiboa nahiko larria zen: Espainiako Auzitegi Gorenak EAEko Udal Legearen dekretutik baliogabetutako artikulu gehienak atzera bota zituen bezperan (VOXen helegitea berretsita). Egun beltza euskararentzat. Gainera, deitzaileak ez ziren edozein. UEMAk deitu eta Azkoitiko Udala eta Maxixatzen euskara elkartea bat eginda zeuden larunbateko bilkuran. Gainera, Euskal Herriko ehundik gora herritan deituta ziren antzeko protesta ekitaldiak. Azkoitian jende mordoa elkartu zen, poza hartzeko modukoa, baina ondoren festan ibiliko zen 'beltz' andanaren arrasto gutxi...
Erreakzionatu ezean, egun beltz asko izango ditugu aurrerantzean
Udal Legeaz gain, euskal erakundeen hizkuntza politika egiteko eskumena higatu duten beste 30 sententzia eman dituzte epaileek azkenaldian, bata bestearen atzean. Erreakzionatu ezean, egun beltz asko izango ditugu aurrerantzean. Herri honek beti egin duen moduan, ilusioz eta irudimenez borrokatuz eta elkar hartuta irabazi beharko dugu (euskararen) etorkizuna.
Bestela, denok hizkuntza bakar eta bera hitz egiten bukatuko dugu, eta ez da euskara izango. Zein uniforme aukeratuko dute orduan 'Euskararen Eguna' festaren antolatzaileek?