Oi, ene San Martin!

Erabiltzailearen aurpegia Irene Elortza 2025ko mar. 28a, 14:30

San Martin ermita.

Irene Elortza kolaboratzaileak otsaileko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: 'Oi, ene San Martin!'.

Autoarekin Azkarateko bidetik behera jaistean, Azkoitiko herrigunea oraindik ikusi ezin den une horretan, San Martingo ermitaren ikuspegiarekin gozatzen nuen egunero. Hor ageri zen, muinoaren goialdean, zuhaitzez eta berdez inguratuta, bakarrik balego bezala, bere oinetan herririk ez balego bezala, Azkoitia modu misteriotsuan ezkutatu nahi balu bezala. Aldapan behera, aldiro, etxera iristen ari nintzeneko sentsazioa izaten nuen.

Baina, lanetik bueltan nentorren egun batean, bat-batean, garabiak ikusi nituen elizatxo zuriaren ondoan. Atxagak aspaldi idatzi zuen bezala, une horretan "niri zerbait hautsi zitzaidan bihotzean, kra". Banekien etxebizitzak eraikitzen ari zirela baselizaren ondoan. Ikusia nuen eraikin berriaren eskeleto gris biluzia. Berez, astero igotzen naiz auzora eta ikaraz erreparatu izan diot eraikuntza hazten doan abiadura biziari; baina ustekabean harrapatu ninduen.

San Martinen hamar urtez bizi izan nintzen, aspaldi. Agian horregatik tristatzen nau ikusteak txikizioa aurrera doala. Gazteak ginen eta gustura bizi ginen auzo zaharreko txalet itxurako antigoaleko etxea(k) partekatzen. Baina ezin esan sanmartindarrak ginenik, hala ere. Titulu berezia da hori Azkoitian. Nondik begiratzen diozun, ia eskuraezina. Gu, exotikoak ginen.

Ikaraz erreparatu izan dio eraikuntza hazten doan abiadura biziari

Urte pila igaro da ordutik eta auzoa eta bertako bizilagunak aldatu egin dira. Aldatu ez dena da jendeak nahiago duela etxe berrietan bizitzea, eta, nahiz eta etxe pila hutsik egon herrian, eraikitzen jarraitzen dela. Familiak gero eta txikiagoak dira eta bakarrik bizi den jende kopurua etengabe hazten doa. Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saileko estatistika organoak egindako Euskal Familien eta Familia-Etxeetako Inkestak (FFEI) joan den abenduan aditzera ematen zuenez, "lehenengo aldiz Euskadin, pertsona bakarreko familien kopurua handiagoa da seme-alabak dituzten familia nuklearrena baino". 2023an, esaterako, EAEko biztanleen %13,18 bakarrik bizi ziren, eta EAEko familia guztien ia heren bat ziren (%31). Txostenaren arabera, 290.497 pertsona bizi dira bakarrik EAEn, eta, hori dela eta, pertsona bakarreko 'familia' osatzen dute. Dugu. Duzu. Dut.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide