Azpeitira begira

Erabiltzailearen aurpegia Irene Elortza 2023ko api. 4a, 09:15

Azpeitiko Azoka Plaza.

Irene Elorzak martxoko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Azpeitira begira'.

Otsaila, igande eguerdia. Elegante Eguna Azpeitian. Lasaitasuna da nagusi Azkoitiko kaleetan. Olaberrineko atarian, lagun talde txiki bat dago tragoa hartzen. Ezagun bat ondotik pasa zaie eta zera galdetu die:

- Ze, ez al zuzte Azpeitire?

- Azpeittire? Azpeittire anbulatoixoa bakarrik!, erantzun diote.

Azkoitiarrismo-ateraldiak barregura eragin dit, baina gogorarazi ere egin dit espezialista guztiak han daudela eta larrialdietako zerbitzua ere hango osasun etxean dagoela aspalditik, hau da, arratsaldeko bostetatik aurrera edo asteburuetan eta jaiegunetan larrialdiren bat dugunean, azkoitiarrok bost kilometroko bidea egin behar dugula (autoan, auto bat duenak; eta garraio publikoan, gainontzekoek), nahiz eta zergak berdin-berdin ordaindu.

Hariari tiraka, Azpeitian dauden eta inbidia sorrarazten didaten zerbitzuen zerrenda luzea osatzen joan naiz etxera bidean. Eta, zer esango dizuet bada? Nire harrotasun azkoitiarra mindu egin da. Hori bai, larria ez denez, Azkoitian bertan sendatuko naiz.

Hasteko, berriki bost urte bete dituen Azoka Plaza etorri zait burura; ez bakarrik eraikina, baizik eta Elikagunea, denda, sukaldea, bertan egiten diren ikastaroak, zozketak, eta, oro har, elkargune gisa eraiki duen espazio erakargarria.

Azpeitian dauden eta inbidia sorrarazten didaten zerbitzuen zerrenda luzea osatzen joan naiz

Soreasu kultur-eraikinarekin akordatu naiz ondoren. Antzokiko aulkien eta zoruaren inguruan dudan iritzia neuretzat gordeko dut, laudoriozko testu bat idazten ari naiz eta. Soreasun sortu den Dinamo kultur-ekosistema eta bertatik ateratzen diren proiektu artistikoak Gipuzkoako hiriburua Urolara begira jartzea lortu du, besteak beste, eta ez da gutxi!

Soreasun bertan dago Elkar-ekin taldearen Elkargunea, ekonomia zirkularraren adibide eredugarria, eta elkartasuna eta ekologia uztartzen dituen egitasmo sendoa. Handik ehunka metrora, berriz, Emakumeen Txokoa aurki dezakegu. Feminismoaren iparrorratza jarraituz, herriko parekidetasunaren aldeko ekintza, aldarri eta pertsona zein talde anitzen topalekua dena aspalditik. Adibideak ugariak dira: udalaren esku dagoen Plax! sexu eta bikote aholkularitza zerbitzua, auzoko festak berpiztu zituen Sanjuandegiko Festa Batzordea...

Beti uste izan dut mugimendu sozialen eta erakunde publikoen elkarlanari esker gauzatu ahal izan direla egitasmo horiek guztiak. Herri-mugimenduek bakarrik oso zaila lukete helburuak lortzea, eta erakundeek herritarren lan, ilusio eta gogorik gabe ere ezingo lukete antzekorik eraiki.

Otsaila, igande eguerdia. Baten bat akordatuko al da gaztetan abesten genuen kanta honekin? "Azkoitixe! Gure herrixe! Azkoitixe! Muermo haundixe!". Ni neu bai, batzuetan, baina abesten zuen taldearen izena ahaztu zait.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide