Oletan ez dute parke eoliko bat egingo, zentral eolikoa baizik. Haize-errota deituko diete tramankuluei, baina aerosorgailu erraldoiak dira, milaka tona pisatzen dute eta azalera handia hartzen duten munstroak. Bertara eramateko eta mantenua egin ahal izateko pistak eraikiko dituzte, lur mugimendu erraldoiak eginez eta lur azpiko hidrologian kalteak eraginez. Lurrarekin batera, animalia eta landare ugariren habitat hauskorra desagerraraziko dute. Aerosorgailuen besoek ehunka hegazti akabatuko dituzte. Beste hainbat, uxatu.
Zarata izugarria, jasanezina, entzungo da perimetro handi batean. Mendiaren lerroa apurtuko dute, paisaia aldatuko da, mendizaleek beste ibilbide batzuk bilatu beharko dituzte, ondare kulturala, etnografikoa, eta Izazpi–SaminĚo–Oletaren kasuan, ondare arkeologikoa ere galduko da.
Proiektu hau ez da ekologikoa izango, txikitzailea baizik. Energia berriztagarriaren onurak salduko dizkigute beren kontzientziak isildu eta gure amorrua otzantzeko asmoz, baina honek ez dauka zerikusirik energia berdearekin. Ekokapitalismo edo "kapitalismo berde" gordinaren adibide bat da hau. Kanpoko oligopolio batentzako negozio borobila, azken finean. Eredu desarrollista suizida baten barruko beste makroproiektu bat besterik ez da Oletakoa, AHTa bezalaxe. Pertsonen eta ingurumenaren zaintzara eta dimentsio gizatiarragoko proiektuetara bideratu beharko liratekeen inbertsioak xahutzeko balioko duen beste makroproiektu zentralista bat inposatu nahi digute.
Euskal mendien industrializazioaren eta esplotazioaren aurrean, proiektu txikiagoak eta deszentralizatuagoak behar dira. Ingurumena benetan errespetatuko duten plangintzak. Eta, batez ere, kontsumoaren murrizketa eta desazkundea dira irtenbide zentzudunenak eta iraunkorrenak. Kutsatzen ez duen energia mota bakarra, sortzen ez dena da. Eredu neoliberal zaharkituarekin jarraitzen badugu, gureak egin du.
Azarotik dakigu Oleta mendian Capital Energy enpresak lau haize errotako industrialde bat jartzeko asmoa duela. Oraingoz, ez dakigu askoz gehiago. Seinale txarra. Dagoeneko hasi gara kokotean sentitzen piztiaren arnasa. Erreakzionatu al dugu? Herri bezala jokatuko al dugu? Defendatuko al dugu gure lurra? Zer gertatuko da Tapia Legearekin topo egiten badugu? "Goi-mailako interes publikoko" proiektuen inguruko erabakimena udalei kendu eta Jaurlaritzari ematen die Ingurumen Administrazioaren Lege berriak. Hau da, bere burua abertzaletzat duen Jaurlaritzak erabakiko du proiektu bati izendapen hori eman ala ez, eta Azkoitiko Udalak, esaterako, ezingo ditu egitasmo horiek geldiarazi, nahiz eta bere hirigintza planen (eta herritarren) aurka joan.