Asteak eta orrialdeak

Erabiltzailearen aurpegia Irene Elortza 2020ko mai. 28a, 08:00

Irene Elorza Gereñok maiatzeko Maxixatzen aldizkarirako egindako iritzi artikulua: 'Asteak eta orrialdeak'.

Askatasunik gabeko lehendabiziko astean, denbora soberan nuela sentitzen nuen garai hartan, arratsaldeetan patxadaz irakurtzeari ekin nion. Siestak harrapatzen ninduen artean, atzeratutako irakurketak egunean jartzen hasi nintzen. Karmele Jaioren Aitaren etxea izan zen aukeratutako lehena; Gostinek maileguan aspaldi utzitako Abecedario (Czeslaw Milosz) izeneko lanarekin tartekatzen joan nintzen, itxialdia bukatzerako liburua bueltatuko niola konbentzituta.

Sostenipeko bigarren astea iritsi zen, eta Feminismoa denon kontua da (Bell Hooks) saiakeraren lerro artean ibili nintzen. Amets arraroak hasi zireneko astea izan zen hura, ohera perezaz (beldurrez?) bezala sartzen nintzenekoa. Joseba Sarrionandiak sortutako Habanako gaukariak lagundu zidan orduan, Bizitzea ez al da arriskutsua? galderari erantzuna emateko ahaleginean.

Itsasoa ikusi gabe bizi izan nuen hirugarren astean, zerbait arinaren bila jo nuen Kindle abandonatura, eta Montalbanoren konpainia noblean abiatu nintzen El campo del alfarero (Andrea Camilleri) izeneko nobelan zehar. Miñan (Amets Arzallus Antia eta Ibrahima Balde) iritsi zen orduan nire etxealdira. Iltzatuta geratu zait buruan eta bihotzean.

Umeak bahitu genitueneko laugarren astean, Iñaki Egañak bildutako Euskal Herriaren historia laburra letu nuen. Ordurako, apal batean ahaztutako liburu berde batek salbatu zuen sofak kaltetutako nire gerria. Estirándose (Bob eta Jean Anderson) hartu nuen, eta 112-113 orrialdeetan ataskatuta nabil ordutik, "Estiramientos de la parte inferior de la espalda" delakoan, liburuaren bukaerara ezin iritsita.

Ditxosozko kurba apaltzen hasi garen azkenaldi honetan, berriz, Sapiens. De animales a dioses (Yuval Noah Harari) saiakera ari naiz aletzen gustura. Tamalez, bukaera ezagutzen dut eta ez da oso zoriontsua.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide