Egunotan sorginkeria baten parte izateko aukera izan dut. Irla bat zen. Inork ez daki zenbat jende dagoen bertan. Batzuetan jendea dator, beste batzuetan badoa, eta denek uzten dute bertan beren arrastoa. Nire arrastotxoa uztera nindoan irlara, eta hara non, irlak utzi didan niri bizi osorako marka bihotzean iltzaturik. Ez da gutxiagorako. Sorginkeria honetan egiten dute bat bizitzako gauzarik ederrenek, eta bizipenik gogorrenek. Espazio berean aurkitzen dira ezer ez duten pertsonak eta, dena izanik, falta zaien zerbaiten bila amorraturik doazenak.
Eta irla osatzen duten arimek erakusten dizute ez dagoela bilatu beharreko ezer. Soilik koskan jarri, denbora pasatzen utzi eta ingurura begiratu. Eta orduan gauzak gertatzen dira. Ulertzen ez duzun hizkuntza batean barneratzen dituzu minez beteriko bidai baten xehetasun guztiak. Gosez bizi dena irribarre batekin asetzen da. Zuretzat doan dira, berarentzat ordaindu ezin duen ezinbesteko hori. Beraiek irla utzi nahi dute, zuk bertan geratu. Zu ere zure irla propioa zarela konturatu arte. Eta beraiek, handik pasatuta, betirako arrastoa utzi dutela bertan.