Errematea

Trenbidea

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Elezgarai 2026ko apirilaren 10a

Urolako trena Azkoitiko geltokian. (Kutxateka)

Imanol Elezgarai kolaboratzaileak martxoko Azkoitia Guka aldizkariaren Errematea atalerako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: Trenbidea.

Mende oso bat betetzen da aurten Espainiako errege-erreginak zein gobernuburu faxista txalo artean hartu ondoren Urolako trenak aurreneko ibilbidea egin zuenetik. Eta 40 urte borobil azkenengo geldialdia egin zuenetik. Ez naiz tematuko oraingo honetan herriaren zein bailararen komunikazioen inguruan, horretaz ere zer esanik badagoen arren. Egun trena ordezkatzen duen UK06 lineak txukun antzera funtzionatzen duela esango nuke. Nago, baina, orduko herritar batzuen kontakizunak irakurrita, trena ez ezik, bidea ere eten dela. Edo estutu, bederen.

Ez diot Zumarragara joateko igaro behar den pasabide aldrebesagatik. Amama zenari entzundakoa naiz bailaran batera eta bestera nola ibiltzen ziren, lana eta beste hamaika kontugatik. Hain urrun joan gabe, gogoan ditut Deba ibaiaren hegaletako herrietara parrandara joaten zirenak, edo horietatik herrira zetozenak, adibidez. Esango nuke egun herrian mugitzen garela, planak bertan egiten ditugula. Horrek zer onik ere badu, noski, baina zer pentsatua ematen dit trenak bidean aurrera eta atzera diharduela bakoitza bere geltokiaren epeletan eroso egoteak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide