Errematea

Hutsunea

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Elezgarai

Pertsona baten begirada. (Pixabay)

Imanol Elezgarai kolaboratzaileak maiatzeko Azkoitia Guka aldizkariaren 'Errematea' atalerako idatzitako iritzi artikulua: 'Hutsunea'.

Bizi dugun berme eta heldulekurik gabeko bizitza honetan gertu sentitzen ditugun horiek osatzen dute hutsalaren zulora erori gaitezen ekiditen duen armiarma sare hauskorra. Pazientziarekin eta denboraren poderioz zuntz etenerrazek osatzen dutena, tonak pisatzen dituzten zoritxarrei aurre egiteko gai izan baina behatz baten irristada azkarrarekin segundotan arraildu daitekeena. 

Kanpoko hotz eta bakartasunetik babesten gaituen gaztelu, zerumugatik haratago dagoen argi gorrixkaren distirak kartzelako ziegaren irudikeria bihur dezake esploratu gabekoaren galda sutsuaren atrakzioak itsutzen gaituenean. Eta maparen zuriuneak kartografiaturikoan etxerako bidea ahaztu izanaren sentsazioaren minak bihotza erretzen du, eskua sutondotik beranduegi kentzearen parera. Eta etxera itzultzeko asmotan hariari segika zuloan behera amaigabeko erorketaren beltzunean barneratzea, jaitsieran hondoa ikusi gabe garai zoriontsu haiek itsasargi, jakitun orain orbain den hori behinola etorkizun irrikatu berri baten azal izan zela.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide