Azpeitira

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Elezgarai 2024ko api. 25a, 10:00

Imanol Elezgaraik apirileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa: 'Azpeitira'.

Ia elkar ukitzear daude bi herriak eta ukaezina da bion artean dugun harremana, eta hala ere, zelako distantzia sentimendua bizi dudan zenbaitetan. Orain dela gutxi lagun batek geratzeko proposamena egin zigun kuadrillakooi, badakizue, trago bat hartzeko edo. Zinez harritu ninduen bere "Azpeititik buelta bat" mezuak. Ez nuen gogoan orain gutxitik bikotekidearekin bertan bizi zenik. Etxean jokatzeko gonbita zen, anfitrioi gisa aritzekoa.

Gazteagotan larunbatero fin-fin parrandara joaten ginen moduan doaz gaur egun gure adinkideak Azpeitira bizitzera. Urte batzuk geroago errotik inbertitu zen erromeria hura beste era batera errepikatzen zaigu: larunbatetan Azkoitian egiten dugu festa; astean zehar Azpeitian bizi gara. Gure belaunaldiko gazte askok ondoko herrian ikusten dute, antza, bizi proiektua sortzeko aukera. Han ere ezer oparitzen ez badute ere, aukera berriak daudela dirudi, tartean alokairu sozialeko etxeak, edota babes ofizialekoak. Herrian, aldiz, errenta handiagoetarako egindako metro koadro urri eta dotoreak. Anekdota ote da, tendentzia baino, baina norberarentzat begira hasi eta, demonio, Loiolabide luzea da, gero.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide