Ezinezkoa posible

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Elezgarai 2022ko uzt. 1a, 09:00

Azkoitiko San Jose egoitza.

Imanol Elezgaraik maiatzeko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Ezinezkoa posible'.

Antzinako Greziako pentsalariei aitortzen zaie "politika posible denaren artea da" esaldia; desiratzen dena baino, lortu ahal dena bilatu behar dela, alegia. Milaka urte geroago, pentsaera hori barrubarruraino sartu zaigu, "hauxe da dagoena" moldaketa modernoarekin.

Mesfidati izan behar dugu agintariengandik "legeak hala dio, ezin besterik egin" bezalakoak entzuten ditugunean. Borondateak beti ahal du onartu nahi digutena baino gehiago. Ikus nola datozen hilabeteetan, "hauteskunde urtea" hastean, lehen ezinezko zenak magiaren poderioz balizkoaren jantzia jantziko duen, egun handira apainapain iristeko.

Azkoitiko San Jose egoitza, kasu. Orain Gipuzkoako Foru Aldundiari ederki ordainduta eman behar bazaio, arauak derrigortuta, jakin beharko da noren sinadura daraman arau horrek. Herriak hala eskatuta ere, kalera jaisterik ez badago, ez bada proiektu estrategikoa, azaldu beharko da beste zer egin ahal izateko baztertzen den aukera hori. Ez dakit; kiroldegi berria ere izan zen proiektu kolosala, eta egon zen nahikoa baliabide egiteko, ala? Nork daki, akaso errege magoei modura kanpainan ozen eskatuta...

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide