Nor dago birziklatzearen kontra? Sarri, eztabaida baten aurrean, alde zein kontrako argumentuak bururatzen zaizkigu, baina ez dugu ezbaian jartzen nork ezarri duen eztabaida, nork ezarri duen markoa. George Lakoff linguista amerikarraren arabera, mundua ikusteko dugun modua antolatzen duten egitura mentalak dira markoak: hitz, ideia edo irudi bat gure buruan zerekin lotzen dugun. Freskoa hitzak natura, osasuna... dakarzkigu burura. Horixe da markoa, esaten ez dena, baina hor dagoena.
Bada, hona markoen jokoa: eztabaidak planteatzeko darabiltzagun terminoek marko zehatz batzuekin lotzen gaituzte, eta honela, hau edo beste pentsatzera bideratu. "Bozkatzeko adina 18 urtetatik 16ra jaistearen alde ala kontra zaude?" edo "16-18 urte bitartekoen bozkatzeko eskubidea onartzearen alde zaude?" galdetzean, auzian dagoena berdina da, baina bi marko ezberdin aktibatzen dira: ziur asko lehenengoan ezezkoa izango da erantzuna, eta baietza bigarrengoan. Bata kontzesioarekin lotzen da — negatiboa—, bigarrena eskubideen onarpenarekin —positiboa—.
Eztabaidak ez dira neutralak, markoen arabera erabakitzen direlako. Hots, ‘Hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko planta’ baten alde edo kontra egon zaitezke, eta hala argudiatu. Baina nor dago birziklatzearen kontra?