Je suis Ahmad

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Elezgarai 2016ko urt. 15a, 11:49

Iluntzen ari du. Ahmad lagunekin ari da jolasean etxe azpian. Leihotik oihu bat. Ama deika, sartzeko etxera. Ahmadek ezetz; zortzi urterekin nagusia da jada kalean futbolean jokatzeko. Lagunak ostiko batez urrun jaurti du baloia. Txikiena denez, Ahmadek joan beharko du baloiaren bila. Horiek dira arauak. Begirada azkar bat. 

Ama ez dago begira. Laster batean doa baloiaren bila. Bera ere heldua dela erakutsi behar die lagunei, prestutasunez bete behar du misioa. Zuhaitz batean zintzilikatuta dago baloia. Arazorik ez. Ahmadek maite du horma eta zuhaitzetara igotzea. Bi jauzitan igo eta jaitsi da zuhaitzetik, eta eskuekin altxatzen du baloi zaharra, munduko kopa balitz bezala. Lortu du. 

Itzultzeko astirik ere ez du izan. Zeru ilunean hiru argi bizi eta disdiratsu, goitik beheruntz. Aurrenekoa etxetik gertu erori da. Bigarrena gainean. Hirugarrena ikusteko aukerarik ez du izan; hauts hodei handi batek jan du dena. Kostata, baina lurretik altxatzea lortu du Ahmadek. Inguruan ez du ezer ikusten. Non da baloia? Nonbaitetik oihuak entzun ditu, baina kolpetik isildu dira. Laugarren argia, eta lurra ireki da berriz. Ume baten negarra. Amari deika hasi da. Lurrean gorputzak daude. Gizon bat pasatu da lasterka; ume bat darama besoetan, geldi. Aitari dei egin dio oraingoan. Beti agertzen da ohetik baso bat esne eskatzeko deitzen dionean. Iritsi da etxe atarira, baino han ez da ez amarik ez aitarik. Bere etxea ikus dezake barrutik. Bere lagunak ere ez daude. Ez dago inor, egur, harri eta hauts tontorrak besterik ez.
Ahmad heldua da jada. Bakarrik dago orain; ez aitarik ez amarik. Gaua pasatzeko lekurik ere ez du. Bere mundua segundu gutxian amildu da, zeruko argiak lez. Akaso urte batzuen buruan norbaitek kontatuko dio nork derrigortu duen heldu egitera. Daesh izan zen agian, edonon izua zabaldu nahian. Edo aliatuak beharbada, Parisen terroristek erakutsitako gorrotoari gorrotoz erantzuten. Orain ez daki. Ez daki ezta ez dela prentsan agertuko ere. Gertatutakoak ez dituela albistegiak zabalduko. Ez dela mundu mailako isilunerik egongo bere izenean. Munduak beste egiteko batzuk ditu, beste interesgune batzuk. Baita berak ere; bizirautea. Hori da bere misio berria.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide