Jo du ibiltariak Padua, badu lehenagokorik San Antoniori bisita egin baino. Erromatarren anfiteatroaren gainean eraikiarazi zuen kapera Enrico Scrovegnik XIV. mendearen hastean. Eta barnean sartu orduko mozkortu du edertasunak. Ez du Giottok margoturiko zeruak itsaso zikinetik izpirik. Sabaiko kobalto izartuak itsutu du, gozo laztandu dute hormetako irudiek.
Diotenez, bihotz-zimikoak eraginda agindu zuen obra Scrovegni gazteak. Herioren hatsa kolkoan, bakean joan nahi zuen gizonak, etxean dirua nola egin zen ikusita. Mailegu-emailea zuen aita, Reginaldo logreroa, hain zuzen horrexegatik Dantek bere Infernura kondenatua. Eta nonbait, semeak ez nahi bestean, benetakoan kiskal zedin betiko. Horrexegatik ageri da Scrovegni bera Azken Juizioaren freskoan, kaperatxoa eskaintzen Hiru Mariei. Ordaindu dute zor morala, salbu dira aita-semeak. Bestaldean dira betiereko sua, arima penatuak eta Gargantua dirudien Luzifer, bekatari dohakabeak irensten.
Berria egunkariak argitaratutako iritzi artikulua. Irakurri osorik.