Nik ez dakit zer zeramaten gainerako andariek hilkutxa astun hartan. Nik tristura neraman, amorrua, handik eta hemendik bildu ahal izan nuen oroitzapen mordoxka bat eta gorpu bat, salaketa bihurtua. Hogei urte nituen, hogeita hiru berak. Familiak tarteko, txikitatik ginen lagun.
Joxean Lasa eta Joxi Zabala hilduratuen bidez heldu ziren Ramon Oñederrarengana. Urteak zeramatzan Baionan, elkar-maiteak ziren hirurak. Kaietenia ostatuan harrapatu zuten, barra atzean lanean zebilela. Bera izan zen lehenbizikoa. Beste 26 etorri ziren ondoren.
Ez zen inor atxilotu. Handik bost urtera hasi zen Baltasar Garzon epailea Oñederra kasua ikertzen, sumario berean Angel Gurmindoren, Bixente Perurenaren eta Christian Olaskoagaren hilketekin batera. Guardia zibil, polizia eta mertzenario batzuen izenak lortuagatik, ezin izan zuen gora jo GALen organigraman. Bere garaian, ahokada premonitorioa atera zitzaion Felipe Gonzalezi: «ez da frogarik eta ez da izango». Garbiago mintzatu zen Saenz de Santamaria jenerala: «gauza batzuk ez dira egin behar, egiten badira ez dira esan behar, eta esaten badira, ukatu egin behar d ira». Halaxe itxi zen sumarioa, kondena bakar bat gabe. Gainontzeko hilketak ez ziren inoiz ikertu, eta batbederak bere hilkutxa eraman zuen.
Berria egunkarian argitaratutako iritzi artikulua. Irakurri osorik.