Etorkizunari begiratu behar zaiola diot; nahi baino sarriago laketzen naiz, baina, iraganaren azpilduretan. Eta hala, espero gabeko bazterretan harrapatzen dut neure burua tarteka. BECen, esaterako, gangarra urratu beharrean La Pollaren letrekin. Erdaraz, noski.
Gogoan dut noiz ikusi nuen estreinakoz: Pasaiako sarraskiaren lehenengo urtebetzea zen. Gogoan dut non: Azpeitiko udaletxeko arkupeetan, alkateak Kurroren eta Pelitxoren gorpuak batzar aretora igotzea ukatu eta hilkutxak egon ziren toki berean (lur hotzaren gainean biak, pipa azal artean). Hantxe eman zion su Evaristok gurutze bati, non eta San Inazioren herrian. Eta duintasun ukatu hura orro batean: «demokrata eta kristaua zara, har ustel bat zara! Kristo, kristo, a ze diszipuluak zureak!».
Gero, urak bere bidea eginda, ezer gutxi egiten da zurgarri. Ez lehendakari sozialista bat esaten garai batean berak ere askotan egiten zuela kantu eta dantza Kortaturen Sarri, Sarri-rekin, ez eta Eusko Jaurlaritzako kontseilari bat publikoki aitortzen zer ondo pasatu duen ehunka lagunek «Estatuari gerra! Gerra beti!» oihukatu duten kontzertu batean.
BERRIAn argitaratutako iritzi artikulua. Irakurri osorik.