Ez dakit nola gogoratuko duten euskal erditarrek Iñigo Urkulluren hagintaldia. Ez dakit nola epaituko duten historialariek, nola bilduko duten liburuek. Eta egia aitortzeko, nik, gaixo semiotiko, ikara dut kezkatzen nauelako ahaztuko ote den, ez ote duten ondo jasoko datu ekonomikoen, kohesio sozialaren eta autogobernuaren gaineko analisien artean, lehendakariaren hitzolaren ahalegina.
Lehen, sinpleagoak ziren gauzak. Ibarretxeren garaian maiz entzuten zen «euskal bestelakotasuna» (egia esan ez zen entzuten, gazteleraz erabili izan baitute beti politikariek eta kazetariek) mudaturik eta aberasturik ageri zaigu Urkullurekin. Ukaezina da. Aipatu bestelakotasunaren definizioan, urrats ikaragarrarria eman da urte hauetan: hasieran, «euskal oasia» izan zen; gero, proposatu orduko itzalik erakutsi ez duen «foru nazioa»; orain, «mikroklima politikoa».