Bi egun ere ez dira igaro lotsaren hautsetatik piztu denean egoera. Fernando Penovi deitzen da gizona, eta hamabost urteko neskatxa errusiar bat du aurrean: «Kaixo, argentinarrok, zatozte hona, buztanak mihiztea maite dut».
Zalapartaren erdian, asmoa ez zela inolaz ere japoniar kultura iraintzea adierazi du Moralesek; Penovik ere barkamena eskatu du Argentinara heldu eta batera, asmo txarrik gabe egin zuela, txantxa giroan, lagun artean.
Broma eta jolas, lainorik gabeko argazkia utzi digute bi gertaerek. Biek dituzte ezaugarri bertsuak, biek erakusten dute mundu ikuskera bera. Bietan, lagun artean dauden gizonak dira ezer txarrik egiten uste ez duten txantxa-egileak, eta emakume gazteak, berriz, ehizatuak. Unea espazioan eta denboran zabal dadin, kameraz hartu dituzte biek, eta bietan, futbola estakuru, etxetik landa dabiltza gizonak. Sexuaren ikuspegi patriarkala dago muinean. Dena da bertikala. Baita jolasaren tresna bera ere: ezagutzen ez duten hizkuntza batean esanarazten zaizkie gauzak emakumeei.