1936ko ilbeltzaren aurreneko egunetan heldu zen Roberto Arlt argentinar idazlea Eibarrera. Kronikak idazten zebilen Buenos Aireseko El Mundo egunkarirako: «Badira kaleak, heste itxuran, tailer bihurtutako patioen artetik doazenak; eta pasadizoak, ikatzezkoak diruditen harri beltzezko hormen artean sigi-sagan. Oinez segituta, mailu itxurako patioetan agertzen gara, eta barren ilunean, soplete oxidriko baten argi urdina».
Ez darabil ez itsusi, ez zatar, ez motz. Eskuak lanean beste zikintzen du eibartarrak bihotza bizi-pozean, bertan da Txomin Agirre jatorraren infernua: «Ezin konta ahala taberna dago. Sexu bien arteko harremana Errusian aurki daitekeenaren parekoa da ia. Frontoian sartu naiz; neska talde bat pilotan dabil mutilekin batera. Fabriketan sartu naiz. Tailer berean, gizonak eta emakumeak. Ez dakit zer dioten, euskaraz ari dira eta».