Hildako bat lanean ari zela sabai-leihotik behera erorita Bilbon; beste bat, barka, bi, Gasteizko Michelinen hilabetean gure autoek gurpil gainean ibiltzen segi dezaten. Zerrenda luze bateko izenik gabeko hildakoak guztiak, soilik lankideak pankarta atzean, euripean, Ignazio Aiestaranek gogorarazi digun bezala: «Langileriak ez du bere isiltasun minuturik. Haien bizitza isilek tanatorioan dute elkartasuna aurkitzen, fabrikan, auzoan, familian».
Oso gurea da joan direnak gure artean ahalik eta gehien bizirik segitzea. Hala saiatzen gara han-hemen bakoitza bere arloan, eta ez, erlijio ikuspegitik ez bada, kontzientzia lasaibide baino ez da Etxahun-Iruriren hura, kasualitatea, Trevilleko kondeari eskaini ziona: «Heriuak bardintzen handi-txipiak».