Lupa

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Aranbarri 2016ko aza. 14a, 10:42

Lupa eta eguzki printza bat. Horra zer behar dugun mindurarainoko beroa sentitzeko azalean; orri bat, etxea, mundua bera garretan jartzeko. Leonard Cohen hil da. Eta aspaldiko partez musika jarri dugu lanera aurretik. Lupa pausatu dugu kafearen gainean, kanpoan beruna genuela zain. Bisetan, The Partisan

Daratulua da Cohenen ahotsa eta bihotz-urratzailea John Bilezikjian-en ouda. Munduaren muinerainoko melodia hipnotikoa da kantu zahar horrena. Hori du arteak, durduzatzeko antzea. Izan daitezkeen tolesak une batez ahantzirik, unibertsoaren zainak puntu bakar batean biltzeko abilidadea da lupak erakusten diguna.

Gasteizen bezperan erabili nahi izan zen lupa bera, seguru asko, Memoriaren egunean. Gauza gutxi hunkigarriagorik gatazketako itzalak inbokatzea baino, isiltasunaren bakarbidean, eta konbinazio harrigarrietan nahasian, batbederak bere biktimak lepoan hartuta. Urkulluren diskurtsoan, mugak gainditu nahi dituen aldarri instituzionala: «gaur ezin diogu utzi Mediterraneora begiratzeari, gerren, errefuxiatuen eta emigrazioen egunerokoari. Gizateriaren erraietatik, giza kondiziotik, oihu etsia datorkigu Mediterraneotik». 

Jarraitu iritzia irakurtzen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide